Ekonomia -

Itun estrategikoa

Euskaltel eta ZTE enpresen arteko akordioaren gakoak

Txinako multinazionalak Europa hegoaldeko egoitza Euskadin izango du, eta euskal operadorearen eskaintza teknologikoa hobetuko du.

ZTE Txinako multinazionala Euskadin kokatuko da, Euskaltelen eskutik

1:22

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako ZTE konpainiak eta Euskaltelek lortutako akordioaren gakoak aztertu ditugu.

Nolakoa da ZTE enpresa?

160 herrialdetan 80.000 langile dituen Txinako multinazionala da ZTE. Nokia (NSN) eta Ericssonekin batera, liderra da munduan telekomunikazio sareak kudeatzen. Horrez gain, sakelako telefonoak eta tabletak egiten ditu, eta munduko laugarren enpresarik handiena da esparru horretan.

2014ko lehen seihilekoan, 130 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen, iazko epe berean baino % 225 gehiago. 2013an, 146 milioi euro fakturatu zituen Espainiako Estatuan, eta, aurreikuspenen arabera, 300 milioi euro irabaziko ditu 2015ean.

Europa hegoaldeko egoitza Euskadin, Zamudioko Parke Teknologikoan (Bizkaia), izango du Txinako konpainiak. Estatuko, Portugalgo eta Europa hegoaldeko telekomunikazio operadoreei emango die zerbitzua bertatik.

Zer ekarriko dio akordioak Euskalteli?

10 urteko iraupena du itunak. Euskalteleko 133 langile (orotara, 540 ditu) ZTE enpresan sartuko dira lanean, orain arteko lan-baldintza eta soldatari eutsiz.

Euskaltelen arduradunen hitzetan, ekonomikoa baino gehiago, teknologikoa izango da ituna, euskal operadoreak teknologia berriagoa eta ahalmen gehiago izango baitu aurrerantzean.

Aliantzak, eragina izango al du EAEko ekonomian?

Bi aldeek Management Services Southern Europe sozietatea sortuko dute. Enpresak Bizkaian izango du egoitza sozial eta fiskala. Hala, zergak EAEn ordaindu beharko ditu.

Xiao Ming ZTE multinazionalak Europan duen presidenteak atzo nabarmendu zuenez, "goiz" da Zamudioko egoitzan sor daitezkeen lanpostu berriez hitz egiteko. Dena dela, ZTEk Düsseldorfen (Alemania) du Europa iparraldeko egoitza eta 1.000 ingeniari daude bertan lanean. Horren ildoan, hemen hango "arrakasta bera" lortuz gero, "baliteke antzeko lanpostu kopurua sortzea", Mingen hitzetan.

Onurarik igarriko al dute Euskalteleko bezeroek?

Euskaltelen sarea IP sistemara migratuko dute. Hala, edozein gailutik telefono finkoen sarera konektatu ahalko da.

Horrez gain, errentagarritasun arazoengatik estaldurarik ez duten herri eta guneetan sarea zabaltzea aurreikusi dute.

2015erako, gainera, 4G teknologia eskaintzea espero dute Euskaltelek eta ZTEk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea