Ekonomia -
Funtzio Publikoaren Mahaia
ELAk eta LABek negoziazioa laga dute CCOO eta UGT bakarrik utziz
CCOO eta UGT bakarrik geratu dira mahaian Eusko Jaurlaritzarekin batera; izan ere, ELAk negoziazioa utzi du ostiral honetan. LABek gauza bera egin zuen iragan astean.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza, CCOO eta UGT bakarrik geratu dira Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean. ELA sindikatu abertzaleak negoziazioa utzi du ostiral honetan. LABek gauza bera egin zuen iragan astean.
EAEko funtzionarioen datorren urteko lan baldintzak negoziatzeko deitu zuten gaurko bilera. Lakuako egoitza, Hezkuntza, Ertzaintza, Osakidetza eta Justiziako langileen baldintzak adostu behar zituzten.
Urteko lanaldia 1.614,5 ordura arte luzatu zuen dekretua bertan behera uzteko eta asteko 35 orduetara itzultzeko eskatu du ELAk bileran. Era berean, aurreneko egunetik ordezkapenak egiteko, lanpostu hutsak betetzeko eta lanpostuak egonkortzeko eskatu du sindikatu abertzaleak.
Haustura
Eusko Jaurlaritzak jarrerak hurbiltzeko “borondate eskasa” azaldu duela adierazi dute ELAko ordezkariek. Horregatik, mahaitik altxatzea erabaki dute, ELAk agiri batean azaldu duenez.
Horrela, ELAk LABen bide berdina egin du; izan ere, LABek mahaia laga zuen iragan astean. Enplegu Publikoaren Legeko zirriborroa aztertzeko deitu zuten orduko bilera.
Mahaira ez joateko erabakia berretsi du gaur LABek, eta Gasteizko Exekutiboak lanaldia luzatzeko dekretua atzera botatzen ez duen bitartean negoziaziora itzuliko ez dela ohartarazi du sindikatu abertzaleak. LABen hitzetan, 35 orduko akordioa “historikoa” izan zen.
UGTren eta CCOOren kritikak
Bestalde, bileran “erantzukizunagatik” geratu dela azaldu du UGTk, Eusko Jaurlaritzaren proposamenak sindikatuko kideei jakinarazteko, baina “murrizketak mantentzen dituen akordiorik ez” duela babestuko ohartarazi du. Mahaian “itxurak egiten” ari direla kritikatu du sindikatuak agiri batean.
Gobernuak “negoziatzeko betebeharra” duela gogorarazi du CCOOk. Gaurko bilerak “lanaldiaren dekretua negoziaziorik gabe onartzeko helburua” zuela kritikatu du.