Ekonomia -
Zentral nuklearra
Jaurlaritza CSNrekin bilduko da Garoñaz hitz egiteko
Bilera datorren astean izango da. Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak txostena kaleratzen duenean erabakiko du Jaurlaritzak Europako auzitegietara jo edo ez.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza Segurtasun Nuklearraren Kontseiluarekin (CSN) bilduko da datorren astean Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko baimena eman ala ez erabakitzeko prozesua bertatik bertara ezagutzeko.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak eman du bileraren berri, Eusko Legebiltzarrean, Dani Maeztu EH Bilduko kidearen galdera bati erantzunez.
Tapiak azaldu duenez, bere saileko bi kide joango dira azaroaren 19an egingo duten batzarrera, eta hitz egindakoaren inguruko azalpen guztiak emango dituzte gero Legebiltzarrean.
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak araudia aldatu zuen otsailean, zentral nuklearretako jabeek esplotaziorako baimena luzatzeko eska zezaten, eta aldaketak egin zituen hondakin erradioaktiboei lotutako zergen alorrean.
Maiatzean, Nuclenorrek, Garoñaren jabeak, zentral nuklearra esplotatzeko baimena 2031ra arte berritzea eskatu zion Industria Ministerioari.
Espainiako Gobernuak CSNren esku utzi du zentrala berriro martxan jartzeko erabakia, eta litekeena da datozen hilabeteetan kaleratzea azken erabakia.