Ekonomia -

2.557 milioi euro

Osakidetzaren aurrekontuak % 2 egingo du gora 2015ean

Hezkuntza Sailak, bestalde, 82 milioi bideratuko ditu beketara, eta 47 milioi ikastetxeak berritzeko lanetara.

Jon Darpon Osasun sailburua. Artxiboko irudia: EFE
Jon Darpon Osasun sailburua. Artxiboko irudia: EFE
Aurrekontuen hiru eurotik bat Osasunera eta lautik bat Hezkuntzara

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzara bideratuko duen diru-saila % 1,95 gehitu du Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuetan. Horrela, Osakidetzak 2.557,8 milioi euro izango ditu gastuetarako, iaz baino 50,3 milioi gehiago.

Osasun Sailaren aurrekontuko ildo nagusiak azaldu ditu Jon Darpon sailburuak Eusko Legebiltzarrean, arratsaldean. 3.390,5 milioiko aurrekontua izango du Sailak, 2014an baino % 1,1 gehiago. Iñigo Urkulluren gobernuko kontuetan partidarik handiena dela azpimarratu du sailburuak.

Kontuek EAEko osasun sistema “babesten” dutela ziurtatu du sailburuak. Zentzu horretan, Osakidetzak Saileko aurrekontuaren % 74 izango duela nabarmendu du Darponek.

Sailburuak azaldu duenez, Osakidetzara bideratutako dirua % 1,9 gehitu da, guztira, 2.557,8 milioi euro. 2.511 milioi euro programa-kontratura bideratuko dituzte, 2014an baino % 1,9 gehiago, eta 46,8 milioi inbertsioetara (+ % 5,2).

Inbertsioak

Inbertsioen arloan, Bizkaiak eramango du zatirik handiena, % 42,3 (Basurtu, Gurutzeta eta Urdulizeko ospitaletan, eta Zornotza, Miribilla, Karmelo, Retuerto eta Alonsotegiko osasun zentroetan lanak egingo dituzte).

Gipuzkoak inbertsioen % 20,5 eramango ditu, Eibar, Donostia eta Bidasoaldeko ospitaletan, eta Donostiako eta Zestoako osasun zentroetan. Azkenik, inbertsioen % 13,9 Araban egingo ditu Jaurlaritzak; Arabako ospitalean eta Amurrioko eta Kanpezuko osasun zentroetan.

Osasun sistemako “aktibo nagusia” profesionalak direla ziurtatu du Darponek. Zentzu horretan, negoziazio kolektiboaren eta lanpostuak bermatzearen aldeko apustua egin du sailburuak. 2014rako eta 2015erako aurkeztutako lan-eskaintza publikoak gogorarazi ditu Darponek.

Hezkuntza: 80 milioi beketarako

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 54 milioi euro bideratuko ditu unibertsitatez besteko beketarako, eta 26 milioi eurokoak unibertsitate arloko beketarako. Gainera, 254,6 milioi euroko gastuak egingo ditu hezkuntza zentroetan obrak egiteko.

Cristina Uriarte sailburuak azaldu duenez, Sailak 2.791,6 milioi euroko Aurrekontuak izango ditu 2015. urtean, aurten baino % 1 gehiago.

Hizkuntza Politikaren alorrean, Euskararen Normalizazio Planera, Euskalterm berritzeko lanetara, euskararen aldeko sentsibilizazio kanpainera eta Elebide helduak euskalduntzeko planera bideratuko dituzte funtsak.

Kulturan, aldiz, Artxibo Historikoak mantentzea eta Kulturklik webgunea berritzea izango dute helburu, besteak beste.

Lehendakaritza

Bestalde, Garapen Lankidetzarako Agentziak iaz baino 4,5 milioi euro gehiago jasoko ditu, 40 milioi guztira; eta Emakundek 600.000 euro gehiago izango ditu, 5 milioi orotara, dena Lehendakaritzaren Aurrekontuan jasota.

Lehendakaritzaren Aurrekontua 106,4 milioi eurokoa izango da, aurten baino 5,1 milioi gehiago. Honela banatuta egongo da: Garapen Lankidetzarako Agentziak 4 milioi jasoko ditu, Emakundek 5 eta Berrikuntza Funtsak 37, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak EAE EAEko Aurrekontuak