Ekonomia -
Kontratu milioiduna
Herbehereetan 510 milioi euroko kontratua ixtear du CAFek
NS konpainia 120 trenez hornitzeko lehiaketa publikoan finalista izan da euskal konpainia.
Erredakzioa
Herbehereetako NS tren-konpainiarekin 510 milioi euroko horniketa-kontratua ixtear du CAF Beasaingo fabrikatzaileak, bere webgunean eskegitako ohar batean jakinarazi duenez.
Berez, 120 unitate fabrikatzeko kontratua da lortzear dagoena, baina unitate gehiago egiteko aukera ere badagoela zehaztu du CAFek.
NS konpainia trenez hornitzeko lehiaketa publikoan finalista suertatu da CAF, eta, horrelakoetan egin ohi den bezala, kontratu horren xehetasunak negoziatzeari ekingo dio orain Beasaingo konpainiak.
Abendura arte zabalik izango dira negoziazioak, CAFek Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez. Trenak 2018tik aurrera egongo lirateke prest.
Kontratu berri honekin Europako merkatuan duen pisua handituko du CAFek.