Ekonomia -
EAJ-ren ekimena
AHTa 2020an amaitzea eskatzeko mozioa atzera bota du Kongresuak
Espainiako Gobernuak eta Ana Pastor Sustapen ministroak hartutako konpromisoen “ahultasuna” kritikatu du Isabel Sanchez EAJko diputatuak.
Erredakzioa
‘Euskal Y’ proiektua 2020an bukatzeko konpromisoa publikoki berresteko eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari mozio baten bidez, baina Diputatuen Kongresuak atzera bota du ekimena. Hala ere, Ana Pastor Sustapen ministroak konpromisoa hartu zuen duela bi aste, eta Alderdi Popularrak gauza bera egin du gaurko eztabaidan.
Espainiako Exekutiboak eta Sustapen ministroak hartutako konpromisoen “ahultasuna” kritikatu du Isabel Sanchez EAJko diputatuak hitza hartu duenean. Hurrengo gobernuek inbertsioa mantentzen baldin badute, abiadura handiko trenaren proiektua 2020an amaituta egongo dela iragarri zuen Pastorrek urriaren 15ean, Sanchezek gogorarazi duenez.
Ministroak esandakoak errepikatu ditu gaur Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatuak. “Exekutibo honek egin bezala, datozen gobernuek inbertitzen jarraitzen baldin badute”, abiadura handiko proiektua bukatuta egongo da ordurako, esan du.
PPren aurrekontuekin AHTan egindako inbertsioak % 88 egin du gora, goraipatu du Azpirozek, eta Ana Pastorrek hartutako konpromisoa EAJk Ganberari berresteko eskatzea “alferrikakoa” dela gaineratu du PPko diputatuak.
Bestalde, krisi ekonomiko sakonean eta gastu publikoa murrizten ari den testuinguru batean, AHTa finantzatzeko “espainiar guztiek” egindako esfortzua aintzat hartzeko eskatu dio Azpirozek EAJko diputatuari.