Ekonomia -

Batzar Nagusia

Kutxa banku fundazio bilakatu da eta Bilduk bileratik alde egin du

EH Bilduko ordezkariek batzarra utzi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamena eztabaidatzerik izan ez dutelako. Batzarraren aurka egitea aztertzen ari dira, Beolak adierazi duenez.

Xabier Iturbe Kutxako presidentea Batzar Nagusian. Argazkia: EFE
Xabier Iturbe Kutxako presidentea Batzar Nagusian. Argazkia: EFE
Kutxa banku fundazio bihurtu da

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxa banku fundazio bihurtu da. EAJk, PSE-EEk, PPk, CCOOk eta Pixkanakak aldaketari babesa eman diote. EH Bilduko kontseilariek, ostera, batzarretik alde egin dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamena eztabaidatzerik izan ez dutelako.

Kutxa Banku Fundazioa izena hartuko du entitate berriak, agiri batean azaldu dutenez.

Batzarreko 76 kontseilarietatik 71 bileran izan dira. Era berean, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia bertan izan dira. Kutxak Kutxabanken dituen akzioak udalen esku uzteko planteamendua defendatu du Garitanok, entitatearen kontrol publiko eta soziala mantentzeko. Banku fundazioarekin kontrol publikoa galduko dela uste du ahaldun nagusiak.

Honenbestez, BBKk eta Vital Kutxak banku fundazio bihurtzea adostu eta ia lau hilabete geroago bozketa egin du Kutxak.

EH Bilduk batzarretik alde egin du

EH Bilduko ordezkariek batzarra utzi dute Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamena eztabaidatzerik izan ez dutelako.

Zentzu horretan, Kutxan egin behar duten "lapurreta" salatu du Ainhoa Beola kontseilariak. Bileran hitza kendu dietela ziurtatu du EH Bilduko ordezkariak. Hitza hartu behar zuten unean argindarra "kendu" dutela salatu du Beolak.

Kutxa batzarra efe

Kutxako batzar nagusia. Argazkia: EFE

Hala ere, aretoa utzi baino lehen EH Bilduko bost ordezkarik hitza hartu dutela jakinarazi du Kutxako agiri ofizialak. Xabier Iturbe kutxako presidenteak protokolozko agurra egin eta gero EH Bilduko ordezkariek hitza hartu dute, agiri ofizialaren arabera.

Aldundiaren proposamena eztabaidatzeko aukera "ostu" dietela salatu du Garitanok batzarrera sartu baino lehen. Aldundiaren proposamena "bidezkoa, legezkoa eta Gipuzkoarentzat mesedegarria" zela adierazi du. Kutxaren akzioen zati bat udalen eskuetan uztea aurrezki-kutxaren kontrol publikoa mantentzeko modu bakarra zela esan du ahaldun nagusiak.

Batzarra, auzitara?

"Atzera egiteko bide guztiak aztertzen" ari direla ziurtatu du Garitanok. Horretarako, "borondate politikoa" dagoela uste du ahaldun nagusiak.

"Kutxa berriro gipuzkoarrena izateko aukerarik pasatzen ez dugu utziko. 15 partikularrek banku fundazioa nahierara erabiliko dute, jabeak eta fundatzaileak izango balira bezala, baina ez da horrela", azpimarratu du Garitanok.

Bestalde, batzarraren aurka egitea atertzen ari direla adierazi du Beolak. Aldundiaren proposamena eztabaidatzeko eskaera hiru aldiz egin dutela gogorarazi du. Entitateko estatutuek eta Aurrezki-kutxen Legeak babesa ematen dietela uste du.

Kutxako egoitzaren kanpoan zeuden manifestarien babesa jaso dute EH Bilduko ordezkariek. "Pribatizazioaren" aurkako plataformako kideek kanpaldi txiki bat antolatu dute eta protesta egiteko pankartak eta kartelak erabili dituzte elkarretaratzean.

Estatutu berriak eta 11 kideko patronatua

30.000 euroko diru-kopurua izango du entitate berriak, legeak ezarritako gutxienekoa, alegia, Kutxak agiri batean jakitera eman duenez.

EH Bilduko ordezkariak batzarrean izan ez direnez, akordioak kontrako botorik eta abstentziorik gabe onartu dituzte. Fundazioaren estatutuak eta patronatuko 11 kideen hautaketa aho batez babestu dituzte kontseilariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak