Ekonomia -
DBE
Aburtok 'erloju-bonba bat du eskuartean', Marotoren arabera
"Ez dago ikusi nahi ez duenaren pareko itsurik. Okerra ez du Lanbideko leihatilara joaten denak egiten, arauan dago akatsa", azpimarratu du Gasteizko alkateak.
Erredakzioa
Javier Maroto (PP) Gasteizko alkatearen ustez, Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) buruz atzo eman zituen datuek agerian uzten dute Juan Mari Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak "erloju-bonba" bat duela eskuartean, eta beharrezkoak direla erreformak.
Aburtoren Sailak atzo jakinarazi zuenez, DBE jasotzen duten 65.337 pertsonetan % 47 EAEtik kanpo jaiotakoak dira. Gasteizi dagokionez, Gasteizko alkateak gogorarazi du 8.025 pertsona direla jasotzen dutenak, eta horien % 60a dela EAEtik kanpo jaiotakoa.
Hori horrela, Marotok uste du sistema "berrikusi" beharra dagoela, "eraginkorragoa eta solidarioagoa" izan dadin. Horregatik sustatu omen du Herri Ekimen Legegilea.
"Ez dago ikusi nahi ez duenaren pareko itsurik. Okerra ez du Lanbideko leihatilara joaten denak egiten, arauan dago akatsa", azpimarratu du Gasteizko alkateak.
Barkazioa exijitu dio SOS Arrazakeriari
Marotok gogorarazi duenez, estatistiketan ikus daiteke Gasteizen bizi diren aljeriarren % 94,5ek eta marokoarren % 81,5ek jasotzen dutela Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Horregatik, barkamena eskatu behar duena SOS Arrazakeria dela azpimarratu du.