Ekonomia -
Lan-eskaintza publikoa
Madrilek kendu egingo du Ertzaintzaren LEParen aurkako helegitea
EAJk eta PPk akordioa lortu dute, Ertzaintzaren lan-eskaintza publikoaren aurkako helegitea kentzeko.
Erredakzioa
EAJk eta PPk akordioa lortu dute, Espainiako Gobernuak Ertzaintzako lan-eskaintza publikoaren (LEP) aurkako helegitea kentzeko. Senatuko iturriek jakitera eman dutenez, akordio honen ondorioz, Rut Martinez EAJko senataria, gaur, Senatuko Osoko Bilkura aurkeztekoa zen mozioa bertan behera utzi dute.
Testu horren bidez, Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroari Ertzaintzaren lan-eskaintza publikoaren kontra aurkeztutako helegitea erretiratzeko eskatu behar zioten jeltzaleek.
Mozioa bertan behera uztea EAJren eta PPren arteko akordioaren ondorioa izan dela esan dute aipatutako iturriek. Antza, aste honetan bertan erretira lezake Espainiako Gobernuak helegitea.
3.700 hautagai
Espainiako Gobernuak irailaren 29an aurkeztu zuen helegitea, Estatuko Abokatutzaren bitartez.
Lan-eskaintza publikoa 120 lanpostukoa da, ertzainen kopurua 8.000ra igotzeko, eta uztailean hasi zen. 3.700 pertsonak eman zuten izena bertan, eta 1.013k gainditu dute lehen proba.
Helegitea iragarri eta gero, Iñigo Urkullu lehendakariak "EAEko Estatutuaren oinarrizko akordioa" hautsi izana leporatu zion Rajoyri.
Akordioaren ondorioz, EAJk kendu egin du Senatuan aurkeztu behar zuen mozioa. Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetarako ministroari helegitea kentzea eskatu nahi zioten bertan.