Ekonomia -

Osasuna

Osakidetzako langileek Darponen eta Urkulluren dimisioa eskatu dute

Lan baldintzak kaskartzearen eta osasun zentroetako zerbitzua okertzearen erantzule egiten dituzte.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Osakidetzako langileek osasun publikoa defendatzeko martxak egin dituzte

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako langileek Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren eta Iñigo Urkullu lehendakariaren dimisioa eskatu dute. Langileek Darpon eta Urkullu egiten dituzte lan baldintzak kaskartzearen eta osasun zentroetako zerbitzua okertzearen erantzule.

Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatuek deituta, manifestazioak egin dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan "osasun publikoaren defentsan".

Bizkaian, Gurutzetako ospitaletik abiatu da manifestazioa 10:30ean eta Basurtuko ospitaletik igaro ostean Bilboko Areatzan amaitu da bi ordu geroago. Manifestazioan mila langile inguruk parte hartu dute.

Aurrekontuetan izandako murrizketen eta langileen lan balditzen okerragotzearen eraginez, Osakidetzako zerbitzuaren kalitatean "atzerapausoa" izan dela salatu dute manifestariek. Hori dela eta, sindikatuekin Mahaia sektorialean negoziatzeko aldartea eta gaitasuna izateko eskatu diote Osasun Sailari.

Manifestariek Darponen kontrako oihuak egin dituzte eta haren dimisioa eskatu dute negoziaketetan izandako jarreragatik. Murrizketen eraginez 3.000 lanpostu desegin dira dagoeneko EAEko osasun zentroetan eta ospitaleetan, Elena Roldan UGT Euskadiko ordezkariaren arabera.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariaren dimisioa ere eskatu dute "gatazka honetan erakutsi duen nagusikeriagatik eta handikeriagatik". Aste honetan Urkulluk Bilbon parte hartutako ekitaldi baten amaieran sindikatuek beren aldarrikapenak jakinarazi zizkioten.

Osakidetzako langileek "benetako Mahai sektoriala deitzeko" eskatu dute, izan ere, azkenengoa iraingarria izan dela salatu dute. Halaber, egungo lanpostuak bermatzeko eta murrizketa gehiagorik ez egoteko eskatzen dute. Iñigo Bilbao LABeko ordezkariaren esanetan, "hiritarrak konturatu dira osasun zentroetan lan egiten dutenak ez direla eskaerari erantzutera iristen".

Donostian ehunka lagun atera dira kalera osasun publikoaren defentsan ELA, LAB, CCOO, UGT, SATSE eta ESK sindikatuek deituta. 10:30ean atera dira Donostiako ospitaletik eta Amarako kaleak zeharkatu ostean Pio XII.a plazan amaitu da eguerdian.

Bestalde, Gasteizen ehunka lagunek parte hartu dute Txagorritxuko ospitaletik atera eta Gasteiz erdigunean amaitu den manifestazioan.

Osasun Sailaren erantzuna

Sindikatuei erantzun asmoz oharra kaleratu dute arratsaldean Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak. “Soldata igoera eskatzeko eta lan orduak murrizteko eskatzeko soilik daude hitz egiteko prest, eta gaur berriz ere erakutsi dute euren nahia”, zehaztu dute oharrean.

Bidezko eskaera da, baina egungo egoera ekonomikoan, ez da gizartearekin solidarioa. Euren lanpostua mantendu ahal izan duten gainerako langileek, egoerara moldatu behar izan dute”, diote Osasun Sailak eta Osakidetzak.

Oharrak Espainiako gainerako autonomia erkidegoetako osasun arloko langileekin ere alderatzen ditu osasun arloko langileak. “Gainerako autonomietako langileek baino soldata altuagoak eta jardunaldi murritzagoak dituzte hemen”, diote. Euskadi osasun publikoan diru gehien inbertitzen duen erkidegoa dela ere gogora ekarri dute.

Zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten jarraituko duela azpimarratu dute Osasun Sailak eta Osakidetzak, “bereziki, kalitatezko osasun publiko baten alde”.

Oharrak zehazten duenez, enplegu publikoaren konpromisoa mantenduko dute eta Osakidetzako langileei eskerrak eman dizkiete egindako lanarengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak