Ekonomia -
Kutxa
Aldundiaren proposamena 'legez kanpokoa' dela uste dute EAJk eta PPk
EAJren ahotan, "legez kontrako kimera" da. PPren hitzetan, proposamen "ameslaria eta ganorabakoa" da. Proposamena aztertzeko batzorde txostengile bat osatzea eskatu du EH Bilduk.
Erredakzioa
Akzioen kopuru bat udalei doan utzita, Kutxaren kontrola mantentzeko proposamena egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak asteazkenean. Proposamena arbuiatu dute gaur PPk eta EAJk. Jeltzaleak eta PP oposizioko alderdiak dira Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAEko aurrezki-kutxak pribatizatu nahi izana leporatu die EH Bilduk bi alderdiei.
EAJren ahotan, "legez kontrako kimera" da. PPren hitzetan, proposamen "ameslaria eta ganorabakoa" da.
Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko bozeramaileak azaldu duenez, Bilduko gobernuaren formula "ez da serioa", "erabat arduragabea eta legez kanpokoa" baizik.
Ezker abertzalea "konfrontazio estrategia bat" erabiltzen ari da "bere irizpide ideologikoak inposatzeko". "Ez bururik ez buztanik ez duen txosten bat ezkerreko poltsikotik atera du", erantsi du.
Juan Carlos Cano PPko bozeramailearen hitzetan, Martin Garitanoren gobernuaren "sormen" guztia "Aldundiari eta udalei akzioak oparitzeko ideia kafkiarrean" laburbiltzen da.
"Proposamena Bilduren amorrualdia da, gainerako alderdiengatik aldentzeko saiakera bat, jarrera demagogikoa eta alderdikoia; ez ditu kontuan gipuzkoarren beharrizanak eta gizarte ekintza", ziurtatu du.
Batzorde txostengilea
Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzorde txostengilea osatzea proposatu du gaur EH Bilduk, Aldundiaren planteamendua "sakon" aztertzeko.
Bilduko eta Aralarreko batzarkideek gaur prentsaurrekoan azaldu dutenez, patronatuko kideen izendapena atzeratu beharko litzateke. Irailaren 18an egin behar dute.