Ekonomia -

Enplegu Publikoaren Legea

Langile publikoek helburuen araberako ordainsariak izango dituzte

Hori da, besteak beste, Jaurlaritzak prestatu duen enplegu publikoaren legearen nobedadeetako bat. Arau berriak sektore publikoko 110.000 langilerengan izango du eragina.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektua aurkeztu du Jaurlaritzak

0:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazio autonomikoan, udaletxeetan eta foru erakundeetan lan egiten duten beharginek, oinarrizko soldataz gain, lortutako helburuen araberako ordainsariak izatea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak prestatu duen Enplegu Publikoaren Lege berriaren zirriborroan.

Egitasmoa gaur arratsaldean aurkeztu du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak. Datorren ostegunean sindikatuekin bilduko da Jaurlaritza, proiektuaren xehetasunak azaltzeko. Behin betiko dokumentua 2015eko hasieran onartuta egotea espero duela esan du Erkorekak.

Jaurlaritzak, diputazioekin eta Eudelekin elkarlanean landu du aipatu legearen zirriborroa. Aipatzekoa da egun indarrean dagoen Funtzio Publikoko Legea 1989an onartutakoa dela.

Berritasun nagusiak

Lehendabiziko aldiz enplegu publikoko langile guztiek, funtzionarioak ez direnak barne, izango dute aukera aintzatespenak jasotzeko, hau da, profesionalki mailaz gora egiteko edo soldata igoerak izateko.

Horretarako egindako lana eta lortutako emaitzak ebaluatzeko sistemak jarriko dira abian. Horrez gain, garapen profesionalerako maila ezberdinak ezarriko dira eta, aipatu mailak gaindituta, langileak gora egingo du.

Era berean, langile publikoek zuzendaritza postuetan egoteko aukera ahalbidetzen du lege berriaren zirriborroak, prozedura publiko baten bidez gauzatuko litzatekeena, beharginaren ahalmena eta hark egindako merituak neurtuta.

Bestalde, Euskal Administrazio Publikoen Negoziaziorako Mahaia eratzea ere aurreikusten du arauak. Mahai horretan sindikatuak, Jaurlaritza, diputazioak eta Eudel erakundea egongo lirateke ordezkatuta.

Administrazio publiko ezberdinak koordinatzeko batzordea sortzea ere proposatu du Jaurlaritzak. Erakundeen arteko elkarlanerako hitzarmenak sinatzeko zuzentarauak jorratzea izango litzateke batzorde horren funtzioetako bat.

Erkoreka ziur agertu da lege berria administrazioentzat “modernitate gehiagoz eta eraginkortasunez” kudeatzeko erreminta izango dela. Amaitzeko, sindikatuei “arduraz” jokatzeko dei egin die, dokumentu honen inguruan adostasun batera heltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea