Ekonomia -
Kutxabanken pribatizazioa
Gipuzkoak txosten juridikoa eskatu du Kutxaren kontrol publikoaz
Hori dela eta, Kutxak asteazkenean egitekoa duen administrazio kontseiluaren bilera atzeratzea eskatu du Aldundiak.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du txosten juridikoa eskatu dutela Kutxaren gaineko "kontrol publikoa"ri eusteko legezko aukeren inguruan. Hori dela eta, Kutxak asteazkenean egitekoa duen administrazio kontseiluaren bilera atzeratzea eskatu du Aldundiak.
Garitanok prentsaurreko batean azaldu duenez, Gipuzkoako finantza erakundearen kontrol "sozial eta publikoa"ri buruzko txosten juridikoaren emaitza iraileko bigarren hamabostaldian jakingo dute.
Ahaldun nagusiak esan du asteazkenean administrazio kontseiluak deitutako bileran fundazio bihurtzearen ondorioak aztertuko dituztela, zein estatutu izango lituzkeen Kutxa fundazioak, baina txostenaren berri izan aurretik horrelakorik ezin dela egin iritzi dio.
Era berean, Garitanok ez du ulertzen zergatik duten Kutxa banku fundazio bihurtzeko horrenbesteko "premia", legeak abenduaren 29ra arteko epea ematen duenean.
Haren esanetan, prozesua "lasaitasunez" eta "gardentasunez" egin behar da, finantza erakundea "gutxi batzuen esku" geratzeko arriskua dagoelako.