Ekonomia -
Ertzaintza
Segurtasun Sailak ez du polizia-etxerik itxiko
Alde batetik, Bergarako eta Zumarragako polizia-etxeen kudeaketa elkartuko dute, eta bestetik, Tolosako eta Beasaingo zentroena. Horrela, agintarien kopurua murriztu nahi du Sailak.
Erredakzioa
Alde batetik, Bergarako eta Zumarragako polizia-etxeen kudeaketa elkartuko du Segurtasun Sailak, eta bestetik, Tolosako eta Beasaingo zentroena. Horrela, agintarien kopurua murriztu eta ertzain gehiago kalean jarri nahi ditu Sailak. Horretarako, polizia-etxerik itxiko ez dutela ziurtatu du Jaurlaritzak.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak "kudeaketa bateratuaren" eredu berria aurkeztu dute gaur, Donostian. Tolosako eta Azpeitiko zentroetan duela urtebete jarri zuten martxan.
Ertzaintzako sindikatu gehienek eredu berria errefusatu dute. Horrela, mobilizazioak deitu dituzte protesta egiteko. Polizia-etxeak "itxi" behar dituztela uste dute.
Ez dute polizia-etxerik itxiko
Ertzaintzak Gipuzkoan dituen 11 polizia-etxeetatik bakarra ere ez dutela itxiko errepikatu dute Segurtasun buruzagiek. Alderantziz, eredu berriarekin bat egiten duten zentroek ertzain gehiago izango dituzte kalean eta ikerketa lanetan.
Oriako kudeaketa berriak Beasain eta Tolosa bat egingo ditu. 217 ertzain izango dituzte 38 udalerritan zerbitzua emateko. Ia 80.000 biztanle dituzte herri horiek.
Deba-Urolako kudeaketa Zumarragako eta Bergarako polizia-etxeak izango dute. 263 ertzain izango dituzte 14 udalerri artatzeko; guztira, 94.000 biztanle.