Ekonomia -
Ikerketa Batzordea
Epsilon eta Hiriko: diru publikoan oinarritzeagatik porrot egin zuten
Horixe da Legebiltzarreko ikerketa batzordeko presidenteak egindako irizpen proposamenaren ondorioetako bat.
Erredakzioa
Epsilon eta Hiriko proiektuei emandako diru-laguntzak ikertzen dituen batzordearen txostenaren zirriborroaren arabera, finantzazio pribatua ez izatea bi proiektuen porrotaren arrazoietariko bat. Izan ere, erakunde publikoek babesa eman zieten biei, arrisku handiko proiektuak zirela jakinda.
Txosten proposamena Carmelo Barrio (PP) ikerketa batzordeko presidenteak egin du. Batzordea apirilaren 1ean lanean hasi zen.
Proposamena Legebiltzarreko taldeei bidali diete eta uztailaren 8 arte dute alegazioak aurkezteko. Bi egun geroago, batzordea bildu egingo da txostena eztabaidatzeko eta behin betiko txostena egiteko.
Epsilon Bat Formulan lehiatzeko helburuarekin sortu zuten. Hiriko, berriz, auto elektrikoa zen, prototipoa, eta azkenean ez zen dendetara iritsi.
Epsilonen diru pribatu "oso gutxi" zegoen, bultzatzaileek eta jabeek jarritakoa, eta diru-laguntza publikoek behera egin zutenean, proiektua huts egiten hasi zen, txostenaren arabera.
Proiektuak arrakasta izanez gero, bultzatzaileek 22 milioi euroko enpresarekin geratzen ziren. Baina porrot eginez gero, Arabako Teknologi Parkeak hartu behar zuen bere gain finantza erakundeekin zegoen zorra, Barrioren arabera.
Txostenaren arabera, Sustapen Ekonomikoaren Euskal Kontseiluak (Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek osatutakoa) dauka erantzukizun politikoa, izan ere, 2007. urtean Epsilon priektu estrategikoa zela adierazi zuten eta Jaurlaritzako Kontseiluari diru-laguntzak ematea proposatu zioten.
Hiriko
Hirikori dagokionez, emandako diru-laguntza publiko handiak salatu ditu Barriok, eta diru-laguntza horiek behin betiko galtzeko edo enpresa pribatuen eskuetan amaitzeko arrisku handia dute. Enpresa pribatuak patenteekin geratzeko arriskurik ere bada, patente horiek sortzeko, erosteko edo erabiltzeko ia dirurik jarri gabe.
Kasu honetan, txostenak ez du erantzukizun politikoen hitz egiten, hori egin aurretik Estatuko Kontuen Auzitegiak edo Euskal Kontuen Auzitegiak laguntzak ikuskatu behar dituelako.