Ekonomia -
Kutxabank
BBK-k eta Vitalek onartu egin dute fundazio bihurtzea
Kideen % 86aren babesarekin onartu dute BBKn; Vitalen, berriz, % 68,2aren aldeko botoekin.
Erredakzioa
BBK-k eta Vitalek onartu egin dute astelehen honetan fundazio bihurtzea. Halaber, aurrerantzean fundazio horiek zuzenduko dituzten patronatuetako 15 kideak ere aukeratu dituzte. Patronatu hori izango da hemendik aurrera fundazioaren gorengo organoa, administrazio kontseilua eta batzarrak ordezkatuko baititu.
Bilbao Bizkaia Kutxako batzarrak bertako kideen % 86aren babesarekin onartu du fundazio bihurtzea. Ekainaren 12ko batzarrean onartu zuten Bizkaiko kutxako kontseiluko kideek fundazio bihurtzeko lehen urratsa eta gaur batzar nagusian bozkatu eta berretsi egin dute erabakia. Proposamenak aldeko 61 boto jaso ditu (EAJ, PSE, PP eta CCOO), kontrako 8 (ELA, LAB eta EH Bildu) eta abstentzio bat (PSE). Beste lagun batek ez du botorik eman.
Hala, EAJk eta PSEk adostuta egin du aurrera egitasmoak, PPren eta CCOO sindikatuaren babesarekin. EH Bilduk eta LAB eta ELA sindikatuek, aldiz, kontrako jarrera agertu dute, operazio horrek Kutxabank pribatizatzea ekarriko duela iritzita.
Behin onartuta, fundazioa erregistratu egin beharko dute, eta bi hilabete iraun ditzake prozesu horrek. Une horretatik aurrera, egungo batzordea bertan behera geratuko da eta patronatuak kudeatuko du fundazioa.
Zehazki, 15 kidek osatuko dute patronatu hori, horietatik % 25 entitate fundatzaileek izendatuta, eta gainerako % 75, berriz, finantza eta enpresa arloko ibilbide profesional luzeko kideek osatuta. Halaber, esparru sozialeko interes orokorrarekin lotutako entitateetako ordezkariak ere izango dira bertan.
Legeak dioen bezala, ez dira politikari lotutako pertsonak, profesionalak baizik, abokatuak eta ekonomialariak. 15 kide horien artean, EAJk proposatutako bederatzi izango dira (Xabier Sagredo, Roberto Zarate, Jon Berasategi, Maite de Iturrate, Manuel Ardanza, Ana Urquijo, eta udalek eta Diputazioak izendatutako beste hiru); PSEk izendatutako hiru (Oscar Seco, Mikel Cabieces eta Paco Berjon); Alderdi Popularrak (Paula Garagalza) eta CCOO sindikatuak (Amagoia Lopez de Larrucea), bana; eta independente batek osatuko du taldea. Azken hori autismoa duten pertsonen elkarteko presidentea izango da, Mikel Pulgarin.
Bilbao Bizkaia Kutxa fundazio berriak 2.774 milioi euroko ondare gordina izango du.
Xabier Sagredo presidentearen hitzetan, fundazioa bihurtuta ere, BBKko filosofia ez da aldatuko. ''Izena aldatuko da, baina ez horren DNA'', adierazi du. ''Bihar gaur bezala izango da'', esan du.
Vital
Vital Kutxako batzarrak ere onartu egin du fundazio bihurtzea, kasu honetan batzar horretara bertaratutako kideen % 68,2aren babesarekin.
Zehazki, aldeko 45 boto jaso ditu ekimenak eta kontrako 11. 10 abstentzio egon dira. Vitalek berak ohar batean azaldu duenez batzarrera deitutako 80 lagunen artean 66 izan dira gaurko saioan.
Vitalek ere 15 kidek osatutako patronatua izango du: horietatik zortzi PPk izendatuko ditu (Fernando Aranguiz, Gustavo Antepara, Maria Vega, Esteban Ortiz de Urbina, Fernando Raposo, Jorge Sanchez, Maite San Saturnino eta Maria Olarte), EAJk lau (Iñigo Vela, Jose Antonio Abarca, Koldo Eguren eta Monika Arbaiza), PSEk bi (Felipe Garcia eta Pablo Oraa) eta CCOOk bat (Eduardo Martinez Soria).
Vital Kutxako Gizarte ekintzak 4,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2014an.