Ekonomia -

Kutxabank

BBK-k eta Vitalek fundazio bihurtzea onartuko dute gaur

EAJ, PSE eta PP alderdien eta CCOO sindikatuaren babesa du operazioak. EH Bildu, ELA eta LAB prozesuaren kontra agertu dira, hasieratik, atzean "Kutxabanken pribatizazioa" dagoela iritzita.

Xabier Iturbe (Kutxa), Mario Fernandez (BBK) eta Carlos Zapatero (Vital)
Xabier Iturbe (Kutxa), Mario Fernandez (BBK) eta Carlos Zapatero (Vital)
BBK eta Vital-en Batzar Orokorrek fundazio bilakatzea onartuko dute

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBK eta Vital kutxetako batzarrek gaur egingo duten bileran onartuko dute bi erakundeok fundazio bihurtzea. Hala, EAJk eta PSEk adostutakoa aurrera aterako da. PPren eta CCOO sindikatuaren babesa ere jaso du operazio horrek. EH Bilduk eta LAB eta ELA sindikatuek, aldiz, guztiz kontrako jarrera agertu dute, operazio horrek Kuntxabank pribatizatzea ekarriko duela iritzita.

Ekainaren 13ko batzarrean onartu zuten BBK-ko eta Vitaleko kontseiluetako kideek fundazio bihurtzeko urratsa. Gaur, batzar nagusian bozkatu eta berretsiko dute erabakia.

Bizkaiko eta Arabako kutxetako arduradunen hitzetan, "legeak behartuta" erabaki dute BBK-k eta Vitalek kutxa publiko izateari utzi eta fundazio bihurtzea. Egun, BBK Kutxabanken akzioen % 57ren jabe da, Kutxa % 33rena eta Vital % 11rena. Fundazio bihurtuta, bakoitzak ezingo luke akzioen % 50 baino gehiago izan.

Behin fundazio bihurtzen denean, egungo batzordeak bertan behera geratuko dira eta patronatuek kudeatuko dute Kutxabanken etorkizuna. BBK-k 15 kide izango ditu bertan: EAJk proposatutako bederatzi (Xabier Sagredo, Roberto Zarate, Jon Berasategi, Maite de Iturrate, Manuel Ardanza, Ana Urquijo, eta udalek eta Diputazioak izendatutako beste hiru); PSEk izendatutako hiru (Oscar Seco, Mikel Cabieces eta Paco Berjon); Alderdi Popularrak  (Paula Garagalza) eta CCOO sindikatuak (Amagoia Lopez de Larrucea), bana; eta independente batek osatuko du taldea. Azken hori autismoa duten pertsonen elkarteko presidentea izango da, Mikel Pulgarin.

Vitalek ere 15 kidek osatutako patronatua izango du: horietatik zortzi PPk izendatuko ditu (Fernando Aranguiz, Gustavo Antepara, Maria Vega, Esteban Ortiz de Urbina, Fernando Raposo, Jorge Sanchez, Maite San Saturnino eta Maria Olarte), EAJk lau (Iñigo Vela, Jose Antonio Abarca, Koldo Eguren eta Monika Arbaiza), PSEk bi (Felipe Garcia eta Pablo Oraa) eta CCOOk bat (Eduardo Martinez Soria).

Patronatuko kide guztiek ekonomian adituak izan behar dutela dio legeak, eta izena proposatu duen alderdiarekiko afinitatea izango duela ere jasotzen da araudian. Gaurtik aurrera, Xabier Sagredok (EAJ) eta Fernando Aranguizek (PP) presidente karguan jarraituko dute sortuko diren fundazioetan; batak BBKn eta besteak Vitalen.

EH Bildu operazio honen kontra agertu da, hasiera-hasieratik, baita ELA eta LAB sindikatuak ere. Fundazio bilakatze honen atzean Kutxabank pribatizatzeko asmoa dagoela salatu dute behin eta berriz horiek. Gauzak horrela, Gipuzkoan EH Bilduk gehiengoa duenez, Kutxan prozesu honek, oraindik, ez du aurrera egin.

Estatuko bigarrenak

2013ko abenduaren 27ko Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legeak eskatzen duen tramitea betetzen duten Estatuko bigarren kutxak izango dira BBK eta Vital. Lehena La Caixa izan zen, urrats hori maiatzaren 22an eman baitzuen.

Gipuzkoako Kutxa fundazio bihurtzeko prozesua atzeratu egingo da; izan ere, EH Bilduk ordezkaritza zabala dauka bertan. Prozesua azarora atzeratuko dela aurreikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea