Ekonomia -
Batzar Nagusiak
ELA-LAB: 'Aktibo multzo bat putre-funts bati salduko dio Kutxabankek'
Elkarrekin egin duten oharrean, sindikatu biek salatu dute Kutxabankek “sekretupean” egingo duela operazioa, “eta zuzenean eragindako pertsona eta erakundeei informaziorik eman gabe”.
Erredakzioa
Ekaineko Batzar Nagusien ondoren, Kutxabankek “aktibo multzo handi bat” (kreditu-kontu eta bezeroei emandako maileguak) salduko dio “putre-funts bati”, ELAk eta LABek salatu dutenez.
Elkarrekin egin duten oharrean, sindikatu biek salatu dute Kutxabankek “sekretupean” egingo duela operazioa, “eta zuzenean eragindako pertsona eta erakundeei informaziorik eman gabe”.
ELA eta LABen arabera, Kutxabank egiten ari den “operazioaren” ezaugarri nagusiak ondorengoak dira: “Kutxabankek kobratzeko zail gisa sailkatu duen aktibo multzo bat salduko du. Espainiako Bankuak derrigortu egiten du honelako maileguak 12 hilabetean guztiz hornitzera, eta ondorioz aktiboak balantzean zuzkituta daude, kasu askotan %100ean”.
“Honek esan nahi du Kutxabankek, bere emaitza-kontuan, dagoeneko galeratzat jo dituela, benetan haiek -guztiz edo zati batean- berreskuratzeko aukera badagoen arren. Kutxabanken mailegu berreskurapen indizea oso altua da”.
Putre-funtsak “finantza-funtsak” direla adierazi dute sindikatuek, eta beren ezaugarri nagusia “ahalik preziorik txikienean aktibo finantzieroak, zorrak, enpresak edo higiezinak erostea” dela gaineratu dute, “hauek saldu eta kudeatuz etekin itzelak lortze aldera”.
“Erosketa honetan irabazteko aukera Kutxabanki hainbat gutxien ordaintzean datza, gero bezeroei kreditu horien zatirik handiena kobratuz. azken urteetan espainiar estatuko banku handiek egin dituzte orain Kutxabankek egin nahi duen antzeko operazioak”.
Kutxabankek epe laburrean diru-sarrerak izango dituela nabarmendu dute, baina aktibo berankor horiek “normal kudeatuz izango lituzkeenak baino askoz txikiagoak”. Likidezia eta berankortasun indizeak ere hobetuko dira, “baina etorkizuneko galera handi horren truke”.
“Orain arte Kutxabankekin mailegu bat izanik berarekin hartuemana zutenek aurrerantzean putre-funts bati lotuta egongo dira. Gauza jakina da, eta Kutxabankeko zuzendaritzak ere badaki, funts hauek jokabide mafiosoetaraino ere iristen direla batzuetan”.
“Gure informazioen arabera, Kutxabankekin fidatu diren hamarna milaka bezeroren aktiboak salduko dira”, esan dute ELAk eta LABek.
“Bezeroen kexuek eta haserre logikoak areago okertuko dituzte Kutxabankeko enplegatuen lan-baldintzak; hauek eman beharko dute aurpegia beste batzuk hartutako erabakiengatik”.