Ekonomia -

Kutxabanken pribatizazioa

EH Bilduk BBKren batzarra bertan behera uztea eskatu du

"BBKren batzarra ekainaren 30ean izango bada ere, kutxak fundazio bihurtzeko epea abenduan bukatuko da, eta, beraz, akordio bat lortzeko garaiz gaude", azpimarratu du EH Bilduk.

BBKren asanblada. Artxiboko irudia
BBKren asanblada.
BBKren asanblada. Artxiboko irudia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk ekainaren 30ean BBK-k egingo duen batzarra bertan behera uztea eskatu du, "pribatizazioa saihestuko duen akordio zabala lortzeko, eta, ondorioz, kutxaren etorkizuna eta kontrol publiko eta soziala bermatzeko".

Asier Vega eta Arantza Urkaregi EH Bilduko ordezkariek azaldu dutenez, "euskal kutxen eta Kutxabanken inguruan gertatzen ari den guztia oso kezkagarria da". "Gauzak aldatzen ez badira, ekainaren 30ean betiko desagertuko dira BBKren batzarrak", ohartarazi dute.

Horrenbestez, "ondare sozial eta ekonomiko guztia gutxi batzuen eskuetan geratuko da, banku fundazioak zuzenduko dituztenen eskuetan, hain zuzen ere", erantsi du.

EH Bilduren ustez, "betiko amaituko da kutxen kontrol soziala eta publikoa; betiko desagertuko dira kutxen sorrerako helburuak, hala nola tokiko ekonomiaren eta herritarren zerbitzurako finantza entitate izatea".

"Kutxabankeko presidenteak eta presidenteordeak esan dute pribatizazioa gauzatu egingo dela eta, horren ondorioz, herritarren aurrezkiekin eta erakundeen laguntzarekin sortutako kutxa espekulazioa helburu izango duen banku bilakatuko da", kritikatu dute.

Horrez gain, Urkaregik esan du sindikatuek begi onez ikusi dutela EH Bilduk akordioa lortzeko duela bi aste egin zuen proposamena. Alabaina, alderdien erantzunik ez dutela jaso adierazi du.

EH Bilduk azpimarratu duenez, BBKren batzarra ekainaren 30ean izango bada ere, kutxak fundazio bihurtzeko epea abenduan bukatuko da legearen arabera. Beraz, "akordio batera heltzeko edo, gutxienez, adostasun batera heltzeko" denbora egon badagoela nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea