Ekonomia -

Euskal kutxak

Kutxen kontrol publikoa bermatzeko eskatu du Garitanok

Eskari zuzena egin die Jose Luis Bilbao eta Javier de Andres ahaldun nagusiei, BBK-n eta Vital Kutxan hasitako prozesuak eten ditzaten.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Larraitz Ugarte bozeramailea. Argazkia: EFE
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Larraitz Ugarte bozeramailea. Argazkia: EFE
Kutxabanken pribatizazio prozesua geldiarazteko dei egin du Garitanok

0:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erantzukizunez jokatzeko, BBK-n eta Vital Kutxak abian jarritako prozesuak geldiarazteko, eta euskal kutxen kontrol publikoa bermatzeko eskatu die Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Jose Luis Bilbao eta Javier de Andres Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiei.

Garitanok eta Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Donostian, Kutxabank hizpide hartuta. Garitanok salatu duenez, Kutxabanken sorreran lortutako adostasuna ez da bete, eta gainera "egoerak okerrera egin du". "Oso larria da eta gure kezka geroz eta handiagoa da", gaineratu du.

"Kutxa gipuzkoarren finantza erakunde garrantzitsuena eta lurraldearen garapen osoa errazteko beharrezko tresna da. Kutxa gipuzkoar guztion altxorra, ondare publikoa da", nabarmendu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Alabaina, "zoritxarrez", EAJk, PSE-EEk, eta PPk "guztia pikutara bota nahi dute, Kutxaren kontrok publikoa arbuiatuz".

Pribatizaziorik izango ez dela badiote ere, bezeroek eta langileek ez dute fundazioan erabakitzeko ahalmenik izango, Garitanoren arabera. "Eragileak urrun izan nahi dituzte eta udalek ez dute ordezkaritzarik izango patronatuan", gaineratu du.

Garitanok ohartarazi duenez, Kutxen jarraipenaz eta kontrolaz arduratzen diren Batzar Orokorrak desagerraraziko dituzte. "Finantza erakundeen gidaritza beraiek aukeratutako ordezkari eta ustezko adituen esku geldituko da", adierazi du. Bestalde, prozesua eztabaida publikorik egin gabe eta kutxen sortzaile izan ziren diputazioekin eta udalekin hitz egin gabe egin nahi dutela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea