Ekonomia -

2015eko Aurrekontuak

Euskadi % 1,7 haziko da 2015. urtean eta 5.400 lanpostu sortuko dira

Gobernu bileraren ondorengo agerraldian, Gatzagaetxebarriak 2015eko Aurrekontuak egiteko ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur.

Jaurlaritzak 2015eko gidalerro ekonomikoak onartu ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Finantza sailburuak aurreratu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktuak % 1,7ko hazkundea izango du datorren urtean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordina % 1,7 haziko da datorren urtean, gaur Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez. Horrez gain, 5.000 bat lanpostu berri sortuko dira 2015. urtean eta langabezia-tasa % 15,6an kokatuko da urte amaieran.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak eta Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuak agerraldia egin dute Gasteizen, datorren urteko Aurrekontuak egiteko ildo nagusiak aurkezteko.

Gatzagaetxebarriak gogoratu duenez, iragan urtean BPGk % 1,2ko jaitsiera pairatu zuen, baina, urteko azken hiruhilekoan hazkundea izan zen, "eta hori kontuan hartu beharreko datua da".

2014ko lehen hiru hilabeteetan ere hazkundea izan dela nabarmendu du sailburuak (% 0,3).

Horrenbestez, euskal ekonomiak "hobekuntza txikia" bizi duela adierazi du Gatzagaetxebarriak: 2014. urtean BPGren %1eko igoera aurreikusi du Jaurlaritzak eta, 2015. urteari begira, % 1,7ekoa. "Hazkunde moderatua da gure ekonomiarentzat", adierazi du.

Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, Industria % 2,8 haziko da 2015. urtean, Zerbitzuek % 1,6ko gorakada biziko dute eta eraikuntza sektorearen beherakada txikia izango da (% 0,2). Enpleguari dagokionez, 2014. urtean ez dela enplegu garbirik sortu edo suntsituko azpimarratu du. Urtea % 15,8ko langabezia-tasarekin itxiko dugu. Datorren urtean, enplegua % 0,6 haziko da, eta langabezia-datua % 15,6an kokatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea