Ekonomia -
Eraldaketa
Kutxabanken kontrol soziala bermatu nahi du CCOOk
Horregatik, gizarte ekintzarekiko "erabateko konpromisoa" eskatzen duen testua aurkeztu zien BBKren eta Euskadiko Kutxaren Administrazio Kontseiluei.
Erredakzioa
CCOO-Euskadik ohartarazi du Kutxabanken "kontrol soziala" bermatu beharko dutela BBK, Euskadiko Kutxa eta Kutxa fundazio bihurtzeko prozesuan sindikatuaren aldeko botoa nahi badute.
Sindikatuak aitortu du legeak aginduta bihurtu behar dituztela kutxak fundazio, baina ekainaren 12an abstenitu egin zen neurri hori batzar nagusietara eramateko akordioaren aurrean, "fundazioen gaineko kontrol soziala bermaturik ez dagoelako". Horren harira, konpromiso jakin batzuk hartzen ez badituzte CCOOk ez duela aldeko botorik emango jakinarazi du.
Hori dela eta, gizarte ekintzarekiko "erabateko konpromisoa" eta fundazioen eta Kutxabanken gaineko "kontrol eta parte hartze soziala" eskatzen duen testua aurkeztu zien BBKren eta Euskadiko Kutxaren Administrazio Kontseiluei.
"Ez dugu eraldaketa hau, nahitaezkoa den prozesu hau, beste zerbait bihurtzea nahi", ohartarazi du sindikatuak.
CCOOren arabera, ekainaren 20a, BBK-k aparteko bilera egingo duen eguna, "une egokia izango litzateke testua aztertzeko" eta "bozkatzeko". Euskadiko Kutxaren kasuan, Kontseiluak ez duenez bilerarik egingo, batzar nagusia egin arte itxarongo lukete ekimenari oniritzia emateko.