Ekonomia -
Gizarte Segurantza
Gizarte Segurantzak 1.734 afiliatu gehiago izan ditu apirilean EAEn
2014ko apirilean iazkoan baino 525 afiliatu gutxiago (% 0,06) zenbatu dituzte.
Erredakzioa
Gizarte Segurantzak martxoan baino 1.734 afiliatu gehiago (% 0,20 gehiago) erregistratu ditu apirilean EAEn. Guztira 871.811 afiliatu zenbatu dituzte urteko laugarren hilabetean.
Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak gaur jakinarazi ditu apirileko datuak. Estatuan 16.430.053 afiliatu daude guztira; martxoan baino % 0,82 gehiago.
2013ko garai bereko datuekin alderatuta, izen emateak % 0,06 jaitsi dira EAEn, 525 pertsona gutxiago. Apirilean 871.811 afiliatu zenbatu dituzte, horietako 694.239 erregimen orokorrean eta 173.592 autonomo bezala: Bizkaian, 438.975; Gipuzkoan, 291.126, eta Araban, 141.710.
Hilabete arteko datuei dagokienez, Araba izan da apirilean jaitsiera izan duen lurralde bakarra. 87 afiliatu gutxiago (% 0,06 gutxiago) zenbatu dituzte. Gipuzkoan, 1.024 afiliatu (% 0,35) gehiago zenbatu dituzte, eta Bizkaian, berriz, 797 (% 0,18) gehiago.
2013ko datuekin alderatuta, Araban 98 afiliatu (% 0,07) eta Bizkaian 1.455 afiliatu (% 0,33) gutxiago egon dira. Gipuzkoan, aldiz, 1.028 afiliatu (% 0,35) gehiago erregistratu dituzte.