Ekonomia -
Hegaldi berriak
Foronda-New York hegaldiak eskainiko ditu urrian Iberiak
Konpainiak bi hegaldi eskainiko ditu: bata euskal bidaiariei zuzenduta egongo da, eta bestea, AEBko bidaiariei zuzenduta.
Erredakzioa
Gasteizko aireportua sustatzeko VIA S.A. elkarteak elkarkidetza akordioa sinatu du Iberiarekin, eta joan-etorriko bi hegaldi eskainiko ditu urrian Foronda eta New York artean.
Elkarteak kaleratu duen prentsa oharrean jasotzen denez, joan-etorriko lehen hegaldia euskaldunei eta inguruetako erkidegoetako biztanleei zuzenduta egongo da. Urriaren 4an irtengo da Gasteiztik, eta itzulera sei egun geroago izango da, urriaren 10ean, Forondara.
Joan-etorriko bigarren hegaldia New Yorkeko JFK aireportutik abiatuko da urriaren 4an eta egun bat geroago helduko da Gasteizera. AEBko bidaiariak ekarriko ditu hegaldi horrek. Itzulerako hegaldia urriaren 12an izango da.
Maiatzean jarriko dituzte eskuragai txartelak eta sorta turistikoak. Bi banatzaile handi arduratuko dira horien kudeaketaz, eta banatzaile txikiei ere eskainiko dizkiete txartelak. AEBren kasuan, banatzaile handi bakarrak kudeatuko ditu txartelak.
Bidaiak egiteko 500 eserleku jarriko ditu Iberiak VIA S.A.ren esku. 250 eserleku AEBko bidaiariei zuzenduta egongo dira, eta beste 250 euskal bidaiariei eta inguruetakoei.
Hegaldiak Iberia konpainiaren fuselaje zabaleko Airbus hegazkinekin egingo dira.