Ekonomia -
Lan-gatazka
Cegasako langileek manifestazioa egin dute Oñatin
Datorren astean jasoko dituzte erregulazio txostenaren xehetasunak, baina, enpresa batzordearen arabera, Cegasa bideragarria da eta borrokan jarraituko dute.
Erredakzioa
Cegasako langileek manifestazioa egin dute. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik bigarren martxa izan da, Gasteizen egin zutenarekin batera.
Langileek ostiralean jakin zituzten erregulazio txostenaren xehetasun batzuk, baina datorren astean jasoko dute informazio osoa.
Cegasa 1934an sortutako pila fabrikatzailea da. Egoitzak Gasteizen eta Oñatin ditu eta bertan 500 pertsonak egiten dute lan. Horrez gain, Estatuan eta munduan beste 400 langile ditu.
117 milioi euroko zorra
Cegasak 117 milioi euroko zorra du, eta horietatik 87 bankuei zor dizkie. Sindikatuen ordezkarien arabera, bankuek finantzazioa eten diete eta Jaurlaritzari eta Foru Aldundiei langileen aldarrikapenak babesteko eskatu diete.
Enpresa batzordearen esanetan, enpresa bideragarria da eta borrokan jarraituko dute.