Ekonomia -
Bizkaiko ontziolak
La Navaleko langileek mobilizazioekin jarraituko dute
Barku berri baten enkargua lortzeko 'itxaropena' badute ere, protestekin jarraituko dute lan-karga eskatzeko.
Erredakzioa
Sestaoko La Naval ontziolako langileek mobilizazioak egiten jarraituko dute datorren astean, lan-karga eskatzeko. Barku berri baten enkargua lortzeko "itxaropentsu" badaude ere, euren enplegua defendatzeko borrokan segituko dute.
Jose Pedro Gonzalez La Navaleko enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, Herbehereetako enpresa batekin ontzi berri bat egiteko enkargua ixteko aukera dagoela adierazi zion zuzendaritzak enpresa batzordeari. "Langileak itxaropentsu gaude, baina beste zenbaitetan antzeko egoera baten aurrean, enkargua ezerezean gelditu da", gaineratu du.
Astearteko bileran, Herbehereetako enpresa horrekin enkargua ixteko baikor agertu zen zuzendaritza. La Navaleko arduradunek lanean jarraitzen dute, baina oraindik hainbat kontu gelditzen dira adosteko kontratua ixteko. Gonzalezen esanetan, "arazo teknikoak dira; izan ere, oraingoan finantza arazoak konponduta daudela uste dugu".
La Naval ontziolako langileek kontzentrazioa egin dute goizean Bilboko Itsas Museoaren aurrean, Euskalduna Jauregitik gertu; hain zuzen ere, antzina Euskalduna ontziola zegoen tokian eraiki zuten Euskalduna Jauregia.
"Toki sinbolikoa da, hainbat urtean ontziak egin zituztelako", gogoratu du langileen ordezkariak. Horren esanetan, ez dute nahi La Naval ere Itsas Museo bihurtzerik. "La Navalek etorkizuna du eta, antzina gertatu bezala, Ezkerraldean enplegua sortu behar du, eta horretarako lan-karga behar dugu", gaineratu du.
Enpresa batzordeak bilera egingo du bihar eta datorren asterako mobilizazio berriak deituko dituzte.