Ekonomia -

2013ko balantzea

Ikerbasqueko ikertzaileek 17 milioiko fondoak lortu zituzten iaz

Ikerbasque 24 herrialdetako 160 ikertzailek osatzen dute, ospe handiko zazpi katedradun eta ikertzaileren koordinaziopean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikerbasque Zientziarako euskal Fundazioko ikertzaileek ia 17 milioi euroko balioa duten fondoak lortu zituzten iaz, kanpo finantzaketa duten proiektuetarako.

Gaur iazko balantzea aurkeztu dute Ikerbasqueko arduradunek eta, zehaztu dutenez, guztira 16,9 milioi euro lortu zituzten ikertzaileek 2013. urtean, kanpoko finantzaketaz baliatu ziren 248 proiektuetarako. Horietatik bederatzik European Research Council Ikerkuntza Kontseiluaren bekak lortu zituzten.

2013aren amaieran, Ikerbasquek kontratu mugagabea sinatua zuen 130 ikertzailerekin,  eta hauen guztien artean,  670  artikulu kaleratu zituzten indexatutako argitalpenetan,  hots, nazioarteko kualifikazio maila handiko hedabideetan.

Ikerbasque 24 herrialdetako 160 ikertzailek osatzen dute, ospe handiko zazpi katedradun eta ikertzaileren koordinaziopean. Horrez gain, Fundazioaren  ScienceCareers web atariak zientziarekin zerikusia duten Euskadiko 30 erakunde baino gehiagoren enplegu eskaintzak biltzen ditu.

Iaz, Ikerbasquek  2014-2017ko Plan Estrategikoa  onartu  zuen. Azken bost urteotako joerei erreparatuz eta ikerketa zientifikoaren aldeko egungo apustuari eutsiz, Euskadi “egoera onean” dagoela adierazi dute gaur, “bere posizioa kuantitatiboki nahiz kualitatiboki hobetzeko”

Ikerbasquek 300 ikertzaile bildu eta guztien arten 1.000 artikulu baino gehiago argitaratzea du  xede 2017rako. Horrela, 2014-2017 epealdian, beste 100 ikertzaile gazte eta 40 ikertzaile irakasle kontratatuko dira. Ikertzaile hauek, Ikerbasquerekin batera, 90 milioi euroko itzulkina lortuko dute 2014-2017epealdian, hau da, Eusko Jaurlaritzak Ikerbasquen inbertitutako euro bakoitzeko, ia funtsen bikoitza itzuliko da zientzia sisteman inbertitzeko, ikertzaileek proiektuak finantzatzeko erakarriko dituzten funtsei esker eta Ikerbasqueko kudeaketa-taldeak programak finantzatzeko lortutako laguntzei esker.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea