Ekonomia -

Ekonomia Foroa

Euroguneko ekonomia eztabaidagai Bilbon

Guggenheim museoa GFS Global Forum Spain 2014 goi-bilera ekonomikoa hartzen ari da gaur. Irekiera hitzaldia Espainiako erregeak egin du, eta, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria dago bertan.

Dena prest dago Bilbon Euroguneko Foro Ekonomikoa abiatzeko

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mundu mailako goi-bilera ekonomikoa hartzen ari da Bilbo gaur, Euroguneko hazkunde ekonomikoa erdigunean jarrita. Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria buru dela, mundu osoko ekonomia adituak eta agintariak bilduko dira. Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea ere bertan izango da.

Guggenheim museoak hartuko du Espainia Foro Globala 2014 goi-bilera ekonomikoa, Kanpo Merkataritza Institutuak antolatuta. Irekiera hitzaldia Espainiako erregeak egin du, eta, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria dago bertan. Itxiera ekitaldiko diskurtsoa, berriz, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eta Luis de Guindos Ekonomia ministroak eskainiko dute.

"Espainia: egonkortasunetik hazkundera" goiburupean, zazpi mahai-inguru egingo dituzte denera. Europako komisarioak, hainbat ekonomia erakundetako zuzendariak eta Espainiako enpresa nagusietako presidenteak izango dira eztabaida-gune horietan.

Euroguneko ekonomiaz arituko dira oro har, baina begirada Espainiari zuzenduta; Espainiak susperraldi ekonomikorako bidea hartu duen edo oraindik egoera egonkortzeko murrizketa gehiago behar diren aztertuko dute adituek.

Goi-bilera gaur abiatu da, baina atzotik hasi da Bilbo goi-agintariak hartzen. Espainiako erregea, esaterako, Lagarderekin eta Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidentearekin bildu da igandean Bilbon.

Irekiera hitzaldiaren ondotik, Lagardek ekingo dio saioari, eta hasteko, mahai gainean jarriko duen galdera, honakoa: "Hazkunde ekonomiko jasangarriaren atarian al dago Europa?". Dijsselbloemek ere gai horri helduko dio bere agerraldian.

Enpresa txiki eta ertainen finantzazioaren inguruko hausnarketa egingo dute hirugarren mahai-inguruan, Werner Hoyer Europako Inbertsio Bankuko presidenteak eta Maria Luis Albuquerque  Portugalgo Finantza ministroak zuzenduta.

"Europaren lehiakortasuna mundu globalean" izenburua duen eztabaidak hartuko du ondoren lekua; Michel Barnier Europako Barne Merkatuko eta Zerbitzuetako komisarioa izango da hizlaria, eta bere ondoan izango ditu Espainiako enpresa handienetako buruak: Cesar Alierta (Telefonica), Francisco Gonzalez (BBVA), Pablo Isla (Inditex) eta Ignacio Sanchez Galan (Iberdrola).

Bazkalostean, berriz, Lankidetzarako eta Garapen Ekonomikorako Erakundeko idazkari nagusiak, Angel Gurriak, hartuko du hitza, "Europan erreformak: aurrerapenak eta erronkak" gaia lantzeko.  Ondotik, "Globalizazioaren aukerak Europako enpresentzat" izenburua hartuta, Karel de Gucht Europako Merkataritza komisarioaren txanda izango da. Honek ere, Espainiako hainbat enpresaburu izango ditu alboan gaia jorratzeko: Jose Llado (Tecnicas Reunidas), Carlos Palacio (Talgo), Francisco Riberas (Gestamp) eta Jorge Sedagorta (Sener).

Azken mahai-ingurua Joaquin Almunia  Lehiarako komisarioak zuzenduko du, "Produktibitatea, berrikuntza eta lehiakortasuna" goiburu duela. Jose Manuel Soria Espainiako Energia, Industria eta Turismo ministroa izango du mahaikide Almuniak, Rosa Garcia (Siemens España) eta  Jose Vicente de los Mozos (Renault España) enpresaburuekin batera.

Itxiera ekitaldia Rajoy eta De Guindosen eskutik etorriko da, eta Start-ex sarien banaketarekin itxiko ditu ateak goi-bilerak.

Orotara 400 gonbidatuk hartuko dute parte foroan, eta Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko 50 hedabidetako 230 kazetari daude akreditatuta bilera jarraitzeko.

Kanpo Merkataritza Institutuak antolatutako bilera Bilbora ekartzeko lehen saiakerak PPk egin zituen, eta EAJren babesa jaso zuen ondoren.

Protestak

Kritika ugari piztu du goi-bilerak, eta protesta ekitaldi ugari antolatu dira, foro ekonomikoan defendatuko dituzten politika ekonomikoak salatzeko. Gaur bertan, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deituta, manifestazio jendetsua egin dute Bilbon. Biharko beste martxa bat deitu dute sindikatu abertzaleek, EH Bilduren babesarekin.

Bizkaiko Elizak ere zorrotz kritikatu du goi-bilera; Caritasek eta beste eliz elkarte batzuek salatu dutenez, eragile sozialen, langabeen eta txirotasunean bizi diren pertsonen presentzia falta da foro honetan.

Bilbon eta inguruetan segurtasuna bermatzeko, Ertzaintzak, Polizia Nazionalarekin eta Guardia Zibilarekin elkarlanean, dispositibo berezia jarri du abian, Bizkaiko hiriburuan inoiz ezagutu den segurtasun-dispositiborik handiena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea