Ekonomia -

Goi-bilera Bilbon

Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute sindikatuek

Bilbon astelehenean egingo duten nazioarteko goi-bilera ekonomikoa salatzeko,  manifestazioa deitu dute sindikatuek.

CC.OO. UGT eta USO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: EITB
CC.OO. UGT eta USO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: EITB
CC.OO. UGT eta USO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CC.OO., UGT eta USO sindikatuek biharko deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Bilbon etzi hastekoa den foro ekonomikoaren kontrako protesta deitu dute igande honetarako hiru sindikatuok.

Guggenheimen izango da nazioarteko goi-bilera ekonomikoa. Mundu osoko agintariak eta adituak batuko dira Bizkaiko hiriburuan. Hain zuzen, museoaren atarian bertan egin dute agerraldia gaur sindikatuetako ordezkariek. "Beste  Europa bat posible da,  bizkortze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera lehentasunak izango diren Europa bat", esan dute.

Unai Sordo CC.OO. Sindikatuko idazkari nagusiak esan duenez, biharko manifestazioa "historikoa" izango da, Sindikatuen Europako Konfederazioak lehen aldiz hartuko baitu parte Euskal Herriko manifestazio batean.  Besteak beste, Jozef Niemiec  Konfederazioko burua izango da  martxan. "Europako erakunde sozial handiena da, 60 milioi afiliatu ditu, Europako 35 herrialde ordezkatzen ditu", esan du.  "Murrizketa politiken" kontrako protesta izango dela gaineratu du Sordok, politika horiek  "txirotzea" dakartelako eta  babes sozialerako ereduak zalantzan jartzen dituztelako.

Jaso dituzten babesak azpimarratu ditu CC.OO.ko  kideak. Besteak beste, Alemaniako DGB sindikatua, Italiako CGIL, Frantziako GGT eta Portugalgo CGP nabarmendu ditu.  Euskal Herriko erakunde ugarik ere manifestazioarekin bat egin duela gaineratu du.

Raul Arza UGTko bozeramaileak  ere gogor kritikatu du asteleheneko goi-bilera, "miseria eta langabezia sortzen dituzten politikak" bultzatuko dituztelako foro horretan.  "Beste  Europa bat posible da,  bizkortze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera lehentasunak izango diren Europa bat", esan du.

Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Troikari zuzendu die mezua Arzak, sindikatuak egungo politikekin ados ez daudela esateko eta  ongizatean oinarritutako ereduak bultza ditzatela eskatzeko.

Margarita Iza USOko ordezkariak ere bide beretik egin ditu adierazpenak. Bilbon ez ezik, Madrilen, Lisboan eta Parisen ere goi-bileraren kontrako mobilizazioak egingo dituztela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea