Ekonomia -

Ontzi berria

Astilleros Muruetak Egalabur atunontzia uretaratu du Atunsarentzat

Erandioko ontziolak beste sei ontzi eraikitzeko eskaerak ditu, eta 2016 hasierara arte lana izango du.

Hiru itsasontzi uretaratu dituzte euskal ontzioletan

1:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astilleros Murueta ontziolak Egalabur atunontzi izozkailua uretaratu du gaur Erandioko instalazioetan. Bermeoko Atunsa konpainiarentzat egin du ontzia enpresa bizkaitarrak.

Ohorezko Aurreskuaren ondoren, Murueta ontziolako eta Atunsako presidenteek, Juan Manuel Aranak eta Joseba Zuluetak, hurrenez hurren, hitzaldi labur bat eskaini diete gonbidatuei.

Bertan izan dira, besteak beste, Julia Diaz de Corcuera Atunsako bazkidea, ontzia ohiko xanpain botilarekin bataiatu duena; Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publiko eta Justizia sailburua; Unai Rementeria Lehendakaritza diputatua; Ignacio Erice Gobernuko ordezkariordea; Asier Atutxa Bilboko Portuko lehendakaria; eta Jose Angel Corres Bilboko Komertzio Ganberako lehendakaria.

Murueta ontziolaren eta Atunsa konpainiaren arteko hartu-emanak 2004an hasi ziren. Erandioko enpresak Izurdia ontzia eraiki zuen Atunsarentzat. Egalabur Bermeoko konpainiak aktibo duen zazpigarren atunontzia izango da. 2013ko maiatzean hasi zen eraikuntza, eta uretaratu ostean, 2014ko uztailera arte jarraituko dute lanek.

91 metroko luzera du Egalaburrek, eta 2.200 m3-ko upel-edukiera. 18 korapiloko abiadurara heltzen da probetan.

Uretaratu ostean, portuan bertan jarraituko dute lanetan. 2014ko uztailean itsasoratzea espero da, eta orduan emango diote ontzia behin-betiko Atunsari.

Burdinezko estruktura amaituta du jada ontziak, eta barneko instalazio eta ekipo gehienak ere bai. Prestaketa eta armamentu lanak egingo dira orain, baita makinariaren eta ekipamenduaren instalazio osoa ere.

Atunsari eman baino lehen, itsasoan probak egingo dira, atunontziak nora erantzuten eta nabigatzen duen ikusi eta garbiketa lanei ekiteko.

CFTO konpainia frantziarrarekin bi atunontzi izozkailu egiteko kontratua sinatu ostean, Murueta ontziolak beste sei ontzi eraikitzeko eskaerak ditu (guztiak atunontzi izozkailuak), eta 2016 hasierara arte lana izango du.

"Garai berri bat" ontziolentzat

Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasuneko sailburua Zumaiako Balentziaga ontziolan izan da, Playa de Ris atunontziaren uretaratzean. Bermeoko Pesquería Vasco Montañesa konpainiak erosi du ontzi berria.

Tapiak adierazi duenez, "garai berri bat" hasi da ontziolentzat, eta, sailburuaren iritziz, beharrezkoa da Europako Batzordeak eta Espainiako Gobernuak adostasuna lortze, "'tax lease' zaharraren kapitulua ixteko".

"Elkarrekin eseri eta lehen bai-lehen behin-betiko erantzuna" eman behar dutela adierazi du Tapiak. Haren ustez, "zaila" izango da: "Bruselarekin negoziatzea beti izaten da zaila, eta arlo ekonomikoa denean, are gehiago". Dena dela, "besterik ez" dagoela esan du: "Beste edozein arlotan bezala, eseri eta akordioa lortu arte ez da altxatu behar".

"Egon behar dugun lekuan gaude, Europak babesten gaitu, etorkizuna duen sektore garrantzitsua baita, baina kapitulua itxi behar da, etorkizunera baikortasunez begiratzeko", azpimarratu du Tapiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea