Ekonomia -

Jaurlaritzaren enplegu plana

Urkulluk eguerdian azalduko du ekonomia eta enplegua sustatzeko plana

Horri esker, krisiak gehien jotako eskualdeetako udalek 2.800 langabe kontratatuko dituzte urtero. Neurria gazteei eta epe luzeko langabeei zuzenduta dago, eta 16 milioi euro bideratu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak ekonomia eta enplegua suspertzeko plana aurkeztu du

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur eguerdian aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak ekonomia eta enplegua suspertzeko duen plana. Izan ere, Gobernu Kontseiluak gaur onartuko du egitasmoaren zati bat. Guztira, 6.475 milioi euro bideratuko ditu 2014 eta 2016 bitartean horretara.

Planari esker, besteak beste, EAEn krisiak gehien astindu dituen eskualdeetako udalek 2.800 langabe kontratatuko dituzte urtero, gazteak eta epe luzeko langabeak gehienbat.

Ekimenaren lehen fasea astearte honetako Gobernu Kontseiluan onartuko dute, eta ondoren aurkeztuko dituzte xehetasunak, prentsaurrekoan.

Atzo, berriz, langabeen kontratazioa bultzatzeko lehen neurria aurreratu zuten EAJk eta PSE-EEk. Plana biltzen duen dokumentuaren xehetasunak berretsi zituzten Andoni Ortuzarrek eta Patxi Lopezek, irailean jeltzaleek eta sozialistek sinatutako akordio ekonomiko eta fiskalaren ildotik. Ondoren, agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarrean.

Ortuzarrek Jaurlaritzak egindako "esfortzua" azpimarratu zuen komunikabide aurrean. Izan ere, 6.290 milioi euroko plana izan behar zuen eta, azkenean, 6.400 euro izango ditu, buruzagi jeltzaleak azaldu zuenez. "Ahalik eta gehien bildu du Jaurlaritzak bere kutxa eta kontuetatik", gaineratu zuen.

Bestalde, Patxi Lopezek azpimarratu zuenez, 16 milioi euro jasotzen ditu planak udalek langabeak zuzenean kontrata ditzaten. Zehazki, gazteak eta 45 urtetik gorako epe luzeko langabeei enplegua eskaintzea izango du ekimenak helburu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea