Ekonomia -
Ekarpen subordinatuak
Epaileak BBVA zigortu eta Eroski absolbitu du ekarpenengatik
BBVAk dirua itzuli beharko die 2004 eta 2007 artean finantza-ekarpen subordinatuak erosi zituzten guztiei.
Erredakzioa
Marcos Bermudez Bilboko Merkataritza-arloko 1 zenbakiko epaitegiko epaileak BBVAren kontra egin du, 2004 eta 2007 artean Eroskiko finantza-ekarpen subordinatuak erosi zituzten bezero batzuei dirua bueltatzea ebatzi baitu. Auzi horretan, Eroski zigorrik gabe utzi du epaileak, Fiskaltzaren eskaerekin bat eginez.
BBVAk ez zuela garbi jokatu ebatzi du epaileak, eta, horrenbestez, dirua interes eta guzti bueltatu beharko die ekarpenak erosi ondoren dirua berreskuratu ezin zutela ikusita salaketa jarri zuten 68 bezeroei.
Marcos Bermudez epaileak Fiskaltzak epaiketan eskatutakoaren bidetik jo du, eta Eroski zigorrik gabe utzi du. Epailearen iritziz, Eroski errugabea da, publizitatean eta kontratuen baldintzetan ekarpenen ezaugarriak ondo azaltzen zirelako, Bermudezen iritziz. Horrenbestez, ADICAE Banku, Aurrezki Kutxa eta Aseguruen Erabiltzaileen Elkarteak ez du lortu epaileak Eroskiren publizitatea iruzurtzat jotzea.
Interesak
Epailearen iritziz, BBVAk ez zien bezeroei behar bezalako informazioa eman, eta, horrenbestez, kontratuak baliogabetzea erabaki du. BBVAk ekarpen horien truke emandako dirua eta horri dagokion interes legala itzuli beharko ditu. Kontratuak sinatu aurretik bezeroek zeukaten egoera berreskuratzea da epailearen helburua.
Epaiaren ondorioz, bankuak jasotako dirua eta horren interesak bueltatu beharko ditu, baina bezeroek ordutik kobratu dituzten interesak itzuli beharko dituzte.
Ebazpenaren arabera, bezeroek ekarpen horiek erosteko prozesua BBVAren "erruz" akastu zen.
"Bankuak nahikoa zuen idatzizko kontratua egitearekin eta bertan argi eta garbi produktuaren baldintzak zehaztearekin, baita produktu hori erosteko arriskuak ere", dio epaiak.
"Horrela, bezeroek sinatutakoa bete beharko lukete, eta egindako akatsaren ondorioak ere bere gain hartu beharko lituzkete", zehaztu du epaileak.
Baina, "interes komertzialak" zirela medio, bankuak produktu "konplexu" hura saltzeko beste modu bat aukeratu zuela adierazi du epaileak.
Erreakzioak
Iragan astean egin zuten Eroskiren ekarpenen inguruko epaiketa. Guztira, 30.000 pertsonak erosi zituzten Eroskiren ekarpenak. ADICAEk 68 bezeroren izenean jarritako salaketa kolektibo batek jarri zuen martxan prozesua.
Epaia ezagutu ondoren, Francisco Javier Alvarado ADICAEko bozeramaileak adierazpenak egin ditu kazetarien aurrean. Ebazpena "oso positiboa" dela azpimarratu du, bezeroei dirua berreskuratzeko "itxaropena" eman dielako. Adicaeren ustez, ekarpenak erosi zituztenek dirua berreskuratu ahal izateko "argia" ematen du ebazpenak. Hala ere, aldeek oraindik errekurtsoa jar dezaketela esan du.
Elkarteak beste 800 espediente prest ditu Fagor eta Eroskiko ekarpenen harian aurkezteko.
Bestalde, BBVA helegitea jartzea aztertzen ari da, baina "ebazpenak beti errespetatu eta onartu" egiten dituela nabarmendu du.
Eroskik “pozik” hartu du epaia eta emisioa “zuzena” eta legearen araberakoa izan zela azpimarratu du.
Ohar batean, ekarpenen inguruko publizitateagatik absolbitu egin dutela nabarmendu du Eroskik eta, horren harian, “egindako publizitateagatik Eroski zigortze arrazoirik” ez dagoela gaineratu du.
Rosa Carabel Eroskiko ekonomia arduradunak epaia “oso baikorra” dela adierazi du eta ekarpenen emisioa “zuzena” eta “beti legearen araberako” izan zela berretsi du.