Ekonomia -
Kontzertuaren Batzorde Mistoa
Zazpi zergaren kudeaketa Euskadiren esku geratuko da gaur
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere akordioa babestuko du, Bizkaiko eta Arabako aldundiekin eta Jaurlaritzarekin batera. Montoro, Gatxagaetxebarria eta hiru ahaldun nagusiak Madrilen elkartuko dira.
Erredakzioa
Beste zazpi zergaren kudeaketa EAEren esku geratuko da ostegun honetan, Espainiako Gobernuak horiek transferitu ondoren. Tartean loteriaren kudeaketa egongo da Euskadiren esku eta, ondorioz, zozketetako sarien % 20 bilduko dute Ogasun arloek. Kudeaketaren transferentziak atzeraeraginezko izaera izango du (2013eko urtarrilaren 1a oinarri hartuta).
Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek Kontzertu Ekonomia berritzeko akordioa sinatuko dute, azken urteotan Estatuko Administrazioren esku egon diren hainbat zerga jasotzeko. Madrilen izango da hitzordua, 17:00etan, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan.
Bilera horretan, Cristobal Montoro Ogasun Ministroa, Ricardo Gatzagaetxebarria Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak (Jose Luis Bilbao, Martin Garitano eta Javier der Andres) egongo dira, Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez.
Aurrerantzean, honako zerga hauen kudeaketa egongo dira EAEren esku: loteriak, kreditu erakundeen gordailuak, energia elektrikoaren ekoizpena, energia nuklearraren ekoizpen eta biltegiratzea, hidrokarburoak, gas fluoratuak eta jokoarekin lotutako jarduerak.
Loteriaren gaineko zergaren kasuan, transferentziak atzeraeraginezko izaera izatea adostu dute, zehazki 2013ko urtarrilaren 1eko datarekin. Beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bilduko du Arrasaten 2013ko Gabonetako loteriaren sari potoloak utzitakoaren % 20.
Kontzertuaren akordioak ekonomia suspertuko du, Urkulluren ustez
Iñigo Urkullu lehendakariaren aburuz, ostegun honetan Madrilen izango den Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bileran adostuko den akordioak ekonomia suspertuko du. Haren hitzetan, "ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko helburu komunean aurrera egiteko gakoa" da bihar sinatuko den erreforma.
Gipuzkoa bileran izango da
Bizkaiak eta Arabak erreformarekin ados zeudela iragarri zuten aspaldi, baina Gipuzkoak argitzeke zuen bere jarrera.
Hain justu, azken unera arte airean egon dena argitu du gaur Helena Franco Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatuak. Horren esanetan, Gipuzkoako Foru Aldundia Madrilen izango da bihar, "bilera ez blokeatzeko eta erantzukizunez jarduteko".
Dena dela, zorrotz mintzatu da Franco: "Oso kritikoak gara bilera prestatu eta antolatu den moduarekin, zentzu guztietan, bai prozedura aldetik zein eduki aldetik" adierazi du. "Jaurlaritzak akordio itxia ekarri du, foru aldundiei galdetu gabe. Larria da hori, batzorde mistoan Jaurlaritza eta aldundiak daudelako eta akordioak aho batez adostu behar direlako", salatu du.
Francoren esanetan, Gipuzkoa ez dago "maila txikiko zerga horiek kudeatzearen kontra, aparteko arazorik eragiten ez dutelako", baina "garrantzi handiagoko gaiak" hizpide izango ez direla kritikatu du. "Kupoaren Legea, Aurrekontu Legeak EAEn izango duen aplikazioa edo BEZaren transferentzia", besteak beste, ez direla mahai gainean egongo nabarmendu du.
Kupoa
Ostegun honetan sinatuko duten akordioak ez du azken sei urteotako Kupoaren kitapena biltzen (transferitu gabe dauden eskumenengatik Euskadik Estatuari ordaintzen dion diru-kopurua da Kupoa), ez baitira argitu zenbateko horren inguruan bi Gobernuen artean dauden desadostasunak.