Ekonomia -
Lan merkatua
OCDEk kaleratzeak merkatzea eta probaldiak luzatzea proposatu du
OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen aburuz, lan erreformak "bide onetik" doaz, eta hurrengo urteetan lehiakortasuna eta enplegua sustatuko ditu.
Erredakzioa
OCDEk (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea), 34 estatuk politika ekonomiko eta sozialak koordinatze aldera sortutako elkarteak, Espainian ezarritako lan erreformak "bide onetik" doazela uste du, baina, horren iritziz, langabezia murrizteko neurri gehiago ezarri behar dira, hala nola enpresa handietan kaleratzearen kalte-ordainak jaitsi, kontratu mugagabeetan probaldiak luzatu eta soldatak "neurrira ekartzeko" erreformak duen balioa etengabe aztertu.
"Joan den urrian langabezia tasa % 26,7koa zen Espainian, eta hori jaisteko neurri gehiago jarri behar dira indarrean", OCDEk Espainiako lan erreformaren inguruan egindako txostenean jaso duenez. "Lanpostuak sortzen lagundu du" Gobernuaren ekimenak, elkartearen hitzetan, "eta hurrengo urteetan lehiakortasun maila handiagoa eta enplegua" sortu beharko lituzke.
Horren ildotik, Espainian kontratuak eteteagatik ematen diren kalte-ordainak elkarteko gainerako herrialde gehienetan baino garestiagoak direla azpimarratu du OCDEk, eta "enpresa handietan kaleratzeen kalte-ordainak apurka jaistea" proposatu du, "horrela OCDEko herrialdeetako eta Europako batez bestekora hurbiltzeko".
Dena dela, ekonomia boteretsuena duten herrialdeen taldearen txostenak dioenez, "Gobernuaren erreformak barne malgutasuna bultzatu du enpresetan, eta kontratu mugagabea zuten langileak kaleratzeko kostuak arindu ditu".
OCDEk beste neurri batzuk ere planteatu dizkio Gobernuari: kaleratze kolektiboak izaten direnean sortzen den egonezin juridikoa bukatzea, esaterako, kaleratze kolektiboak eta indibidualak parekatuz, "OCDEko herrialde gehienetan egiten den bezala".
Kontratu mugagabeetan probaldiak luzatu
Halaber, OCDEren irizpideen arabera, ekintzaileentzako kontratuak egin ezin dituzten enpresentzat laburregia da langileen probaldia. Hartara, "beste kontratu mugagabe batzuetan gehienezko probaldiak luzatzea" nahi du elkarteak.
Kontratu mugagabeen gaineko efektua
Gobernuak ezarritako neurrien gaineko irizpenean, OCDEk lan erreformak enpresen barne malgutasunari lagundu diola dio, baita soldatak "neurrira ekartzea" eta kontratu mugagabe gehiago egitea ahalbidetu duela ere. Horren ildotik, kontratuari esker batik bat enpresa txiki eta ertainetan hilean 25.000 kontratu mugagabe gehiago egiteko balio izan duela deritzo nazioarteko kooperazio elkarteak.
Gainera, lan erreformak langabeei enplegu finkoa aurkitzeko bidea zabaldu diela esaten du, eta ekonomiaren sektore pribatuan produktibitatea urtean % 0,25 igotzeko balioko duelakoan dago.
"Ondorioz, Barne Produktu Gordina % 0,15 handituko da, eta horrek enplegua sortuko du", jasotzen du txostenak.
Bañezek gomendioak aztertuko ditu
Fatima Bañez Enplegu ministroak gaur adierazi duenez, "arretaz" aztertuko ditu OCDEk lan erreforma balioztatzeko txostenean egin dituen ekarpenak, baina Gobernuak dagoeneko "bere bidaia orria" duela erantsi du. Lan merkatuaren gaineko aldaketa gehienak "eginda" daudela esan du, eta honezkero "doiketa batzuk" besterik ez omen dira egin behar.
Doiketa horietan, "administrazio arloko sinplifikazio bat" dago, besteak beste, "kontratazio egonkorrari" laguntze aldera 42 kontratu mota izatetik lau izatera pasatu nahi baitute.