Ekonomia -
Ontziolak
Zumaiako Balentziagak beste sei ontzi eraikitzeko kontratua lortu du
90 milioi eurokoa da kontratua, eta aurrekoarekin batera, 'tax lease' berriarekin lortutako lehen operazioa da.
Erredakzioa
Zumaiako Balentziaga ontziolak sei ontzi gehiago eraikitzeko kontratua lortu berri du. Duela aste batzuk, bi ontzi egiteko kontratua eskuratu zutela iragarri zuen Gipuzkoako enpresak.
Euskal Herriko Itsas Foroko lehendakari Javier Lopez de Lacallek eta Industria sailburuorde Juan Ignacio Garcia de Motiloak adierazi dutenez, kontratua 90 milioi eurokoa da, eta Balentziagaren ohiko bezeroa den Craig enpresa eskoziarrak eskatu ditu ontziak.
Guztira kontratatu diren zortzi itsasontziek euskal itsas sektoreak 'tax lease' berria indarrean denetik lortu duen lehen operazioa osatzen dute. 'Tax lease' Europako Batzordeak onartu duen aktiboen finantziazio sistema da, ontziei aplikatzen zaiena.
Lopez de Lacalleren hitzetan, lehenengo bi ontzien eraikuntza "finantza-egiturarik gabe, arriskuak hartuz eta enpresa mantentzeko asmoz" onartu zuen Balentziagak. Izan ere, Zumaiako enpresak ordainketa modua ez zuen itxita, ez baitzekien sistema berria aplikatuko zitzaion edo ez.
"Jada aginduta zeuden itsasontziak ziren, baina azaroaren 30a baino lehen 'tax lease' sistema aplikatzen ez bazitzaien, Balentziagak diru asko galtzeko arriskua zuen", esan du Itsas Foroko lehendakariak.
"Finantziazio berri hori gabe, zortzi itsasontzi horiek Indonesiako enpresek eraikiko zituzketen", azaldu du Lopez de Lacallek.
EAEko ontziolarik handiena den La Navalen egoeraz galdetuta, kontratuak lortzeko "gogor" borrokatzen ari dela adierazi du, baina "finantziazio arazoak" dituela gaineratu du.
"La Navaleko ontziek ehun milioi eurotik gora balio dute, eta zaila da finantziazioa aurkitzea. Izan ere, langileen produktibitateak baino lehiakortasun handiagoa dute finantziazioak eta abalek", azaldu du ontziolen elkarteko buruak.
Sektorearen egoera aldatzen ari dela onartu dute Lopez de Lacallek eta Garcia de Motiloak.
"Produktua badago, teknologia ere bai. Inbertitzaileek behar dutena konfiantza gehiago da, arauak argi azaltzea", esan du Industria sailburuordeak.