Ekonomia -
Gatazkaren amaiera
Argentinak eta Espainiak aurreakordioa lortu dute, YPFren inguruan
Aurreakordioak urte eta erdiko gatazkari amaiera emango dio, Repsolek baztertu egingo baitu bide judizialetik jarraitzea.
Erredakzioa
Urte eta erdiko gatazkaren ostean, Argentinako Gobernuak eta Repsol konpainia espainiarrak aurreakordioa lortu dute, Buenos Airesen egindako bilera batean, YPFren nazionalizazioaren inguruan.
Iazko apirilean, Argentinak YPFren % 51 nazionalizatu zuen, eta, harrezkero, bi herrialdeak gatazkan izan dira. Gainera, Repsolek auzitara jo zuen, kalte-ordainak eskatzeko. Egun, Repsolek YPFren % 12 du oraindik.
Argentinako Ekonomia Ministerioak agiri batean azaldu duenez, kalte-ordainak "aktibo likidotan" ematea adostu dute, baina ez dute zenbatekoa jakinarazi.
Orain, Repsoleko Administrazio Kontseiluak oniritzia eman beharko dio aurreakordioari, asteazken honetan Madrilen egingo duen bilera batean. Hala egiten badu, "baztertu" egingo du bide judizialetik jarraitzea.
Repsolek 10.000 milioi dolar eskatu zituen auzitegietan, eta, iturri ez ofizialen arabera, baliteke akordioa 5.000 milioi dolarrekoa izatea. Dirua nazioarteko zor merkatuetan salerosi daitezkeen bonu bidez emango dio Argentinak.
Bileran honakoek hartu dute parte: Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa, Axel Kicillof Argentinako Ekonomia ministroa (duela astebete izendatu zuten, eta YPFren nazionalizazioaren sustatzaileetako bat izan zen), Carlos Zanini Argentinako Gobernuko idazkari legala, Miguel Galuccio YPFko presidentea; Isidro Faine La Caixako presidentea eta Emilio Lozoya Austin Pemexeko zuzendari nagusia.
"Aurreakordioa herrialdeen eta enpresen arteko lotura historikoak indartzeko eta normalizatzeko baliagarria izango da", esan du Argentinako Gobernuak.
Aurreakordioa Cristina Fernandez Argentinako presidentea lanera itzuli (hilabete eta erdi eman du gaixorik) eta Kicillofek Ekonomia Ministerioa hartu eta astebetera etorri da, eta txalo artean hartu dute Hego Amerikako herrialdean.