Ekonomia -

Funtzio Publikoaren Mahaia

ELAk eta LABek Funtzio Publikoaren Mahaia utzi dute

Bi sindikatuek bilera hasieran ohartarazi dute bileratik irtengo zirela Jaurlaritzak onartu zuen dekretua atzera bota ezean. 1.592 orduetatik 1.614,5era igo zuen langile publikoen lanaldia.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek EAEko Funtzio Publikoaren Mahaia utzi dute asteazken honetan behin-behinean, Administrazio Publikoko langileen lanaldiaren luzatzea salatzeko; izan ere, 2014. urtean ere 1.615 lanordu egin beharko dituzte.

Jaurlaritzak arratsaldean egingo du bileraren gaineko balorazioa, baina negoziatzen jarraitzeko borondatea erakutsi du, eta sindikatuak beharrezkoa den aldi guztietan deituko dituela gaineratu du.

Funtzio Publikoko Mahaiko gai-zerrendako lehen puntua 2014ko langileen lanaldia zen. Bileraren atarian, Jaurlaritzak onartu zuen dekretua atzera bota ezean bileratik irtengo zirela ohartarazi dutela ELA eta LAB sindikatuek.

Sindikatuek jakinarazi dutenez, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak langile publikoen lanaldia luzatzearen kontra agertu dira, eta negoziaziorako aukerarik ez zegoela eta lanaldiaren luzatzea inposatuko zela ikusita, ELAk eta LABek Mahaia utzi dute.

Eusko Jaurlaritzak lanaldiaren luzapena 2014an ere aplikatuko dela jakinarazi die sindikatuei, eta urtarrilean ezarriko dela eta ez maiatzean.

Dekretu horrek 35 orduko lanaldiaren amaiera ekarri zuen EAEko Administrazio Publikoan. Ordura arte, 1.492 orduko lanaldia zuten urtean.

Eizagirreren esanetan, enplegu gehiago suntsituko da eta EAEko Administrazio Publikoko langileek 2013an baino 4,5 ordu gehiago egingo dituzte. Bestalde, neurria inposatzea salatu du, eta ELAk mobilizaziora joko duela nabarmendu du.

Bestalde, neurria Eusko Legebiltzarraren eskariaren kontrakoa da, Eizagirreren arabera. Izan ere, EAEko Administrazio Publikoko langileen lanaldia luzatzeko Iñigo Urkullu lehendakariaren Jaurlaritzak onartu zuen dekretua bertan behera uzteko eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak.

Itsaso Ortega LABeko ordezkariak Administrazioaren borondate falta kritikatu du, eta ez duela "antzerki horretan" parte hartu nahi gaineratu du. Horren ustez, mahai horretan ez dago negoziaziorako tarterik, eta horregatik erabaki dute altxatzea eta irtetea.

Mahai horretara itzultzea gustatuko litzaiokeela adierazi du, baina negoziatzeko benetako aukerarik izan arte ez dela itzuliko nabarmendu du.

Beste bilera bat egitea espero du Jaurlaritzak

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak ELAk eta LABek Funtzio Publikoaren Mahaia utzi izanak akordioak lortzea "zaildu" egingo duela uste du.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Zearretak ELAk eta LABek alde egin izana deitoratu du, "ez baita jarrerarik egokiena". Dena dela, gaurko bilera positibotzat jo du, maiatzetik Jaurlaritzak eta sindikatuak ez baitute bilerarik egin.

"Gai bat baino gehiago jorratu ditugu gaur, gai-zerrendan edukia duten zortzi gai baitzeuden", esan du. "Urtea amaitu baino lehen" berriz ere biltzearen alde agertu da "lan-baldintzak hobetzeko tartea baitago".

Lanaldiari dagokionez, egun indarrean dagoen 1.614,5 orduko lanaldia "zentzuzko proposamena" dela uste du Zearretak, eta, egungo krisi egoeran eta sektore pribatuan batez beste 1.750 orduko landaldia dutela kontuan hartuta, langile publikoei "esfortzu txikia" egitea eskatuko diela gaineratu du.

Exekutiboak ondorengo proposamenak ere egin ditu bileran: 12 urtez azpiko seme-alabei laguntzeko zortzi orduko lizentzia ordaindua urtean, gaixotasun larriak dituzten seme-alabak zaintzeko lizentzia ordainduen erregulazioa hobetzea eta aldi baterako ezintasunen alorrean aldaketak egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea