Ekonomia -
Erakundeen arteko akordioa
Urkullu, ekonomia suspertzeko ituna aurrekontuetara zabaltzearen alde
Hiru ahaldun nagusiek akordioaren garrantzia azpimarratu eta Euskadiko ekonomia suspertzeko “beharrezkotzat” jo dute.
Erredakzioa
Astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek sinatutako Ekonomia Suspertzeko Ituna 2014ko aurrekontuetara zabaltzearen alde agertu da Iñigo Urkullu lehendakaria.
Laurek ituna sinatu ostean eskainitako prentsaurrekoan adierazi dutenez, akordioa "oso garrantzitsua eta beharrezkoa" da Euskadiko ekonomia suspertzeko eta egonkortasuna bermatzeko.
Inbertsioa, lurraldeka
Javier de Andres (Araba), Jose Luis Bilbao (Bizkaia) eta Martin Garitano (Gipuzkoa) ahaldun nagusiek defizit-muga berriarekin lortutako 180 milioi euro horiek zertara bideratuko dituzten azaldu dute agerraldian. Bizkaiak 90 milioi euro gehiago izango ditu, Gipuzkoak 60 eta Arabak 30 milioi gehiago. Kopuru horren % 70 Jaurlaritzak zuzenean kudeatuko du, eta gainerako % 30, berriz, Foru Aldundiek.
Jose Luis Bilbaok iragarri duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat egitasmo finantzatuko ditu diru-kopuru horrekin: Metroko 3. linea (15,5 milioi), Zamudioko Parke Teknologikoa handitzeko lanak (4,5 milioi) eta zenbait obra hidrauliko (4,6 milioi).
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak lortutako 18 milioi euroak "herriz herriko" inbertsioetarako erabiliko dituela azpimarratu du.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, dagozkion bederatzi miloi euroen zati gehiena errepide sarea hobetzeko erabiliko dute (bost milioi pasatxo). Diru partidaren beste zati bat Jundiz eta Subillabide industriaguneetara bideratuko dute.
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, trenbide sarean eta etxebizitza sustapenean inbertituko du gehien.