Ekonomia -
Ontzigintza sektorea
Zer da 'tax lease' laguntza?
Kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko finantza operazio bat da, batez ere ontzigintzan erabiltzen dena. Helburua da erosleek ahalik eta zerga gutxien ordaintzea.
M. B. | eitb.com
Kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko baliatzen den sistema bat da. Onura fiskalez baliatuta, helburua da enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak ordaintzea, eta, hala, erosleari produktua bera merkatzea.
'Tax lease' laguntza delakoa gauzatzeko beharrezkoak dira hiru adar: armadore bat, ontzia eraikitzen ari direla, armadoreari erosiko dion finantza erakunde bat eta Interes Ekonomikoko Elkarte bat. Horrek armadoreari ontzia alokatuko dio erosteko aukerarekin, elkarrekin adostutako denbora tarte batez.
Zer da Interes Ekonomikoko Elkarte bat?
Merkataritza elkarteen artean osatutako ondasun elkarte baten edo sozietate zibil baten antzekoak dira.
Ontzia eraikitzen ari direla, finantza erakundeek erosi egiten dute, leasing —alokairua erosteko aukerarekin— bidez. Horiek, Interes Ekonomikoko Elkarteen esku uzten dute . Interes Ekonomikoko Talde horiek ontzia armadoreari alokatzen diote, leasing kontratu baten bidez, eta lau urtera, azken ordainketa egin eta armadorearen esku geratzen da.
Lau urte igarota, leasing delakoa amaitu egiten da eta ontzia armadorearen esku gelditzen da. Orduan desegiten dira Interes Ekonomikoko Taldeak ere.
Nola aurrezten da?
Sozietate zergaren araudiak aukera ematen die enpresei egindako inbertsioen bidez zergak gutxitzeko, zerga-oinarri negatiboak sortzen dituztelako. Erosketa handi baten amortizazioa epe motzean egin behar izateak, asko gutxitzen du enpresa horien zerga oinarri positiboa.