Ekonomia -
Eztabaida
Gobernua: 'Kontzertuaren kontra egitea Konstituzioaren aurkakoa da'
Saenz de Santamariaren ustez, EAEko Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren gaia zehaztuta dago Konstituzioan. Halaber, gaiarekiko duten jarrera argitzeko eskatu die 'besteei'.
EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa bertan behera uzteko PSCk egindako eskaera "Konstituzioaren aurkakoa da", Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearen arabera. Azaldu duenez, Konstituzioak gai horiek zehazten ditu, eta "beste batzuei" gaiarekiko duten jarrera argitzeko eskatu die.
Saenz de Santamariaren esanetan, "guk ez dugu eztabaida horretan parte hartzen, beste batzuek, ordea, beren jarrera azaldu beharko dute". Ministro Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan PSCren proposamena izan du hizpide. PSOEko Madrilgo zuzendaritzak baztertu du dagoeneko Pere Navarroren proposamena.
Soraya Saenz de Santamariak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak jarrera argia du gai honetan. Horren esanetan, Konstituzioak foru eskubideak aitortzen ditu, eta, beraz, horien erregulazioa zehaztuta dago.
Bestalde, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin aldizkako negoziaketak egin ahal dituztela jasotzen du Konstituzioak, eta kupoaren metodologia ere zehazten du.