Ekonomia -

Polemika

UPyD, Kontzertu Ekonomikoa bertan behera uztearen alde

Confebasken iritziz, Kontzertu Ekonomikoa "ekonomia suspertzeko tresna garrantzitsua" da eta PSCren adierazpenak lekuz kanpo daudela azpimarratu du.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea. Argazkia : EiTB
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidea.  Argazkia : EiTB
Kontzertu ekonomikoak polemika ekartzen jarraitzen du

1:10

Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPyDk Iñigo Urkullu lehendakaria interpelatu du Eusko Legebiltzarrean, Kontzertu Ekonomikoak dakarren "pribilegioa" zergatik babesten duen azal dezan.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak azaldu duenez, interpelazioaz gain, Espainiako Konstituzioa eraldatzeko mozio bat aurkeztuko du, Kontzertu Ekonomikoa zein Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa bertan behera uzteko, eta "berdintasunezko estatu batean hiritar guztien berdintasuna bermatzeko".

UPyDko legebiltzarkideak argi utzi nahi izan du EAEko hiritarren "gain-finantziazioa" sortzen duen Kontzertu Ekonomikoaren kontra dagoela.

Halaber, Maneiroren arabera, PSOE bezalako alderdiek "desberdintasun" hori defendatzea "lotsagarria eta kontraesana" da. Horren harira, UPyD "koherentea eta argia" izan dela baieztatu du.

"Gu progresistak gara, eta berdintasuna babesten dugu", adierazi du Maneirok, eta sozialistak kritikatu ditu; izan ere, horren esanetan, "horiek ere progresistak dira, baina ez dakite zein modelo babesten duten

 

Kontzertua "ekonomia suspertzeko tresna" dela esan du Confebaskek

Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiaren iritziz Kontzertua "ekonomia suspertzeko tresna garrantzitsua" da.

Onda Vascan egindako adierazpen batzuetan Gereñuk Pere Navarro PSCko idazkari nagusiaren adierazpenek eragindako eztabaida "lekuz kanpo" dagoela esan du. Pere Navarrok, hain zuzen, EAEko eta Nafarroako Kontzertu Ekonomikoak kentzeko eskaera egin zuen atzo.

Lopez de Gereñuk azpimarratu duenez, Confebaskek "beti" defendatu du Kontzertua "ekonomia suspertzeko tresna garrantzitsu gisa" eta erkidego eta Estatu mailako ia alderdi guztiek ez dutela "pribilegiotzat" jotzen azpimarratu du.

 

Jaurlaritzaren ustez, Navarroren adierazpenak "oso larriak" dira

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, Kataluniak EAEk eta Nafarroak duen Kontzertu Ekonomikoaren antzekoa izango balu "inolako arazorik gabe" ulertuko luke.

Arantza Tapia Lehiakortasun eta Garapen Ekonomikorako sailburuak RAC1 irrati katean egindako adierazpenetan PSCko idazkari nagusiaren hitzek Jaurlaritzan "haserrea" eragin dutela azpimarratu du. Haren iritziz, "oso larriak" dira adierazpen horiek eta "kontzertu ekonomikoa nondik datorren ez dakien batek eginak" direla nabarmendu du.

 

Kutxabankek gogor kritikatu ditu PSCren hitzak

Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak adierazi duenez, Kontzertu Ekonomikoa garai batean lortutako hitzarmen konstituzionala da eta hori auzitan jartzeak "eztabaida beste maila batean jartzea dakarrela" salatu du.

Fernandezen iritziz, "Navarrok bere alderdiarekin sintonia eza nabarmena du, eta batzuetan, baita arrazoizko edozein irizpiderekin ere".

 

De Andresek Kontzertuaren kontra joan izana aurpegiratu dio PSEri

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak (PP) sozialistek "inoiz" ez dutela Kontzertu Ekonomikoa babestu salatu du.

Dena den, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, De Andresek Kontzertu Ekonomikoa ez dagoela arriskuan esan du; PPk horretan sinesten duela azpimarratu du eta sozialistek Kongresuan erakutsitako jarrerarekin bat ez dutela egin nabarmendu du.

Arabako ahaldun nagusiak sozialistek urte askotan Kontzertuaren eta Kupoaren aurkako legeen kontra bozkatu dutela esan du .

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD albisteak Euskal Kontzertu Ekonomikoa