Ekonomia -

Ezohiko bilera

Aurrekontu proiektua baztertuta iazko kontuekin arituko da Jaurlaritza

Oposizioak egindako ''blokeoaren aurrean'', Aurrekontuak luzatzea erabaki du Jaurlaritzak, gastu ahalmena egungo diru-sarreretara egokituz. Erkorekaren hitzetan ''oposizioaren zigorra'' izan da.

2012ko Aurrekontuak luzatzea erabaki du Jaurlaritzak

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 2013rako Aurrekontuen proiektua baztertu, eta iazko Kontuak luzatzea erabaki du ostegun honetan, gastu ahalmena egungo diru-sarreretara egokituz, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez. Premiazko eta ezohiko bilera egin du Jaurlaritzak arratsaldez, eta batzar horren ostean eman du Erkorekak erabakiaren berri.

''Jaurlaritzaren ustez, aurrekontu berria egitea litzateke tresnarik egokiena, baina, aukera hori baztertuta, aurreko kontuak luzatzen jarraituko dugu, oreka lortzeko zorroztasun handienarekin'', esan du bozeramaileak. ''Hala ere, ez dugu daukaguna baino gehiago gastatuko'', ohartarazi du.

2013an, krisia ez da joan den urtekoa bezalakoa, Erkorekaren hitzetan, eta, beraz, Kontuak luzatuta, Jaurlaritzak gaitasun txikiagoa izango du egoerari ''eguneratutako tresnekin'' aurre egiteko, haren hitzetan. ''Euskal gizarteak pairatu egingo du'', ohartarazi du, 2013ko Aurrekontuen proiektua ez onartzea ''eragozpena'' dela adierazi ondoren.

Jaurlaritzak hartutako erabakiaren ondorioz, bertan behera utzi dute biharko deituta zegoen Legebiltzarreko osoko bilkura. Bertan, oposizioko alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketen eztabaida egin behar zuten.

Aurrekontuak luzatzeko arrazoiak

Erkorekak prentsaurrekoan gogoratu duenez, egoera ekonomikoaren inguruan Europar Batasuneko agintarien iritzia bildu zuen atzo bertan lehendakariak, eta datu horien arabera, ''baliteke datorren asteotan defizit-muga malgutzea''. Hala, ''egiazko'' aukera horren aurrean Aurrekontu berriak egiteko aukera aztertu eta mahai gainean jarri zuen Jaurlaritzak, muga malgutzeak baliabideak gehitzeko eta zor handiago hartzeko aukera eskainiko lukeelako. Hala ere, ''malgutzea oraingoz aukera bat da, eta ez ziurtzat eman daitekeen zerbait'', Erkorekak argitu duenez.

''Azterketa sakona egin ondoren, Aurrekontu berriak aurkeztea erabat baztertutako hipotesia da'', azaldu du ondoren Erkorekak, bozeramailearen hitzetan gainerako alderdiek dagoeneko Kontu berriekiko jarrera kritikoa aurreratu dutelako. ''Ez da egon eta ez dago akordiorako borondaterik'', salatu du.

Oposizioak agertutako ''blokeo'' jarreraz gain, epe kontuak ere aipatu ditu Erkorekak. Izan ere, balizko Aurrekontu berri batzuek ekarriko lituzketen epe berriek gehiegi atzeratuko lukete kontuak onartzea.

''Oposizioaren zigorra izan da''

Atzo arte proiektu berria eskatzen zutenek gaur bertan, ezohiko bileraren aurretik, ''zentzugabekeria'' dela adierazi dutela gogora ekarri du Erkorekak, eta, bozeramailearen ustez, jarrera horrek agerian utzi du ''aldez aurretik EZETZA erabakita zegoela''.

''Jaurlaritzak bere esku zegoen guztia egin du akordioa lortzeko; baina Jaurlaritzak aurrera ematen zuen pauso bakoitzaren aurrean oposizioak atzerapausoa eman eta aitzakia berria jartzen zuen'', adierazi du Erkorekak.

Ildo horretan, bost bilera sorta egin dituztela gogora ekarri du, eta, haren hitzetan, ''agerikoa izan da ahalegina''. ''Ahaleginetan azkena zenbait politika berezi alderdiekin adostea proposatzen zuen dokumentua izan da'', gaineratu du.

Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, 2013ko Aurrekontuen proiektua baztertzea ez da izan Jaurlaritzaren porrota. ''Oposizioko alderdien zigorra izan da. Hala ere, hemen kaltetuena ez da Jaurlaritza bera, euskal gizartea baino'', gaineratu du.

Unean uneko akordioak

Erkorekak azpimarratu duenez, hasieratik ibili da egonkortasun akordioen bila Jaurlaritza. ''Blokeoak akordio horiek oztopatzen baditu, unean uneko akordioak egiteko aukera aztertu beharko dugu'', aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea