Ekonomia -
Moncloako Jauregia
'Murrizketa zorrotzik' ez dutela egingo esan du Rajoyk
Hala ere, 'baliteke' Aurrekontuetako partida zehatz batzuk murriztea, Gobernuko presidenteak aurreratu duenez. Aurreikuspen ekonomikoak aldatzea normala dela uste du Rajoyk.
Erredakzioa
Exekutiboak ostiralean onartu behar dituen aurreikuspen berrietan murrizketa zorrotzik ez dela izango bermatu du gaur Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, baina "baliteke" Aurrekontuetako partida zehatzak murriztea, aurreratu duenez.
Robert Fico Eslovakiako lehen ministroarekin bilera izan du Rajoyk Moncloako Jauregian, eta, bileraren ostean, prentsaurrekoa eman du Gobernuko presidenteak.
Aurreikuspen ekonomikoak gertakariei erantzuteko aldatzea normala dela uste du Rajoyk, eta murrizketak egitea erabakitzen baldin badute "beharrezkoa eta ezinbestekoa" delako izango da, haren hitzetan.
Bestalde, aurten BEZ edo PFEZ zergak igo nahi ez dituela azaldu du presidenteak, baina hazkunde ekonomikoak eta defizita murrizteko bideak Gobernuaren erabakiak baldintzatuko dituztela erantsi du.
Gastu publikoa murriztea atsegin ez duela ziurtatu du Rajoyk, baina egiten baldin badute "ezinbestekoa" delako izango da, presidentearen esanetan. "Nahiz eta neurri gogorrak iruditu, hartzen ez baditugu, etorkizuna deuseztatuko genuke", adierazi du.
Gobernuko presidentearen hitzetan, aurreikuspenak aldatzea "logikoa" da. Ez dute zertan beti asmatu, eta, "munduko herrialde guztiek egin bezala", alda egin daitezke, erantsi du.
Gobernuak Espainiako aurreikuspenak aldatuko ditu ostiralean, eta Europako Batzordeari bidaliko dizkio, Rajoyk gogorarazi duenez.
Merkelen hitzak
EBko estatuek subiranotasuna laga behar dutela esan zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Rajoy ideia horren alde azaldu da, eta orain arte bankuen batasunaren alde borroka egin duela gogorarazi du.
"Subiranotasuna lagatzeari bai. 1986an Europan sartu ginenetik egiten ari gara", azpimarratu du Rajoyk.