Ekonomia -
M-30
Gehiengo sindikalaren greba deialdia 'arinegia' dela esan du PSE-EEk
Txarli Prietoren iritziz, "norgehiagoka politikoa" bilatzeko egindako deialdia da.
Erredakzioa
Txarli Prieto Arabako PSE-EEren idazkari orokorraren ustez, gehiengo sindikalak egin duen greba orokorrerako deialdia "arinegia" eta Jaurlaritzarekin "norgehiagoka politikoa" bilatzeko egindakoa da.
Negoziazio kolektiboaren aurkako "erasoa" dagoela onartu du Radio Euskadiko elkarrizketa batean, "baina ez dut uste horrelako arazoei erantzuteko greba orokor bat deitu behar denik".
Lan hitzarmenenen auziari "garrantzia" kentzen joan zaiola esan du, eta kezkatuta dagoela azaldu du, baina "UGTren eta CCOOren alde gaude horrelako arazoei erantzuteko greba orokorrik behar ez dela esatean".
"ELAren eta LABen kasuan azkarregi eta arinegi jokatu dute, egungo Jaurlaritzarekin norgehiagoka bilatzeko; ez baitago justifikazio nahikoa ezta beharrezko hausnarketa ere greba deialdi bat egiteko", esan du.
Ildo horretan, greba deialdian "arrazoi taktikoa eta politikoa" dagoela uste du.