Ekonomia -
Elkarrizketa ETBn
Basagoitik PSErekin adostu nahi ditu Aurrekontuetarako 'hobekuntzak'
Adierazi duenez, "Aurrekontuak adosteko eta hobetzeko akordiorik ez badago" soilik aurkeztuko dute osoko zuzenketa, baina ostirala arte negoziatzeko aukera dagoela azpimarratu du.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak Eusko Jaurlaritzaren 2013ko Aurrekontuen proiektua "hobetzeko" modua elkarrekin adostea eskatu dio Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiari.
ETBri eskainitako elkarrizketa batean, Basagoitik adierazi duenez, Patxi Lopez lehendakari ohiak "argi izan behar du berak zuzendu duen herrialdearengan pentsatu behar duela" eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren 2013ko Aurrekontuetarako "hobekuntzak" biek elkarrekin adosteko deia egin dio.
"Hiru buru beti dira batek egindakoa hobetzeko gai. Aurrekontuak egin dituena hor dago, EAJ, sar ditzagun bertan PP eta PSE-EE", adierazi du Basagoitik.
PPren EAEko liderrak adierazi duenez, "Aurrekontuak adosteko eta hobetzeko akordiorik ez badago" soilik aurkeztuko du osoko zuzenketa, baina ostirala arte negoziatzeko aukera dagoela azpimarratu du.