Ekonomia -
Elkarretaratzea Gasteizen
Murrizketen eta lanaldia luzatzearen kontrako protestak Osakidetzan
Sindikatuetako ordezkariak Osaskidetzaren egoitza nagusiaren atarian bildu dira osasun arloko sektore mahaiaren bilera dela eta. Bertan negoziatzeko eskaera egin diete Osakidetzako arduradunei.
Erredakzioa
Sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Gasteizen, Osakidetzaren egoitza nagusiaren atarian, osasun arloko mahaiaren bigarren bilera dela eta.
Mobilizazioetan, SATSE, SAE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek hartu dute parte.
Jon Serrano SATSE erizainen sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, osasun arloko sektore mahaian lanaldia luzatzea jorratu dute. Serranoren ustez, neurri horrek "lan karga gehitu eta urtean gutxi gorabehera 100 ordu gehiago lan egitea eragingo du".
Aurreko sektore mahaian Osakidetzako arduradunek "negoziatzeko borondaterik ez" dutela argi geratu zela adierazi du SATSEko ordezkariak eta lanaldia luzatzea saihestuko duen "alternatibarik ez" dutela nahi erantsi du.
Elkarretaratzean Osakidetzari "murrizketarik ez inposatzeko" eskatu diete kalitatezko osasun publikoarekin jarraitu ahal izateko. Halaber, beste aukera batzuk bilatu ahal izateko negoziatzeko deia egin diote.
Protestan parte hartu dutenek "murrizketarik ez", "inposiziorik ez" edota "ez da dirurik falta, lapurrak daude soberan" zioten pankartak eraman dituzte.