Ekonomia -

2013ko Aurrekontuak

EH Bildu eta PSE: 'Aurrekontuak luzatzea da Urkulluren benetako asmoa'

EH Bildu eta PSE bat datoz Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko asmorik ez duela eta bere benetako asmoa Aurrekontuak luzatzea dela esaterakoan. UPyDk ere jarrera hori deitoratu du.

Jaurlaritzak negoziatzeko asmorik ez duela esan dute EH Bilduk eta PSEk

1:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariaren “benetako asmoa” Aurrekontuak luzatzea dela adierazi du gaur Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak. Horren hitzetan, talde politikoekin abian jarritako “negoziaziorik ez dago”, eta “itxurak egiteko” hasi dute.

Legebiltzarrean egindako agerraldian, Pastorrek berretsi du osoko zuzenketa aurkezteko argudio guztiak indarrean daudela.

Hala ere, PSEko ordezkariek bilera egingo dute bihar Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuarekin, atzo hasitako bilera-sortaren baitan.

Iragan urrian Finantza Batzordeak egindako bileran, 2013. urteari begira aurreikusitako diru-sarrerak ez zirela “errealistak” nabarmendu zuten sozialistek.

“Ez dago azpijokorik, ez gara negoziazioa garestitzeko salneurria igotzen ari. Gauza bera esan dugu lehen, eta gauza bera esaten ari gara orain”, adierazi du.

Diru-sarreren “beste aurreikuspen” bat egitea posiblea izango dela esan du lehendakariak, beti ere Aurrekontuak onartu ostean. “Ez gara tranpa horretan eroriko”, esan du Pastorrek.

Jaurlaritzak 1.500 milioi euro inguru jasoko dituela uste du EH Bilduk

Laura Mintegi EH Bilduren bozeramaileak berretsi egin du bere taldeak Jaurlaritzaren Aurrekontu proiektuaren kontra egingo duela eta EAJk negoziatzeko asmorik ez duela kritikatu du. "Aurreko legealdiko Aurrekontuak luzatzea da euren asmo bakarra", salatu du.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin bildu ostean, agerraldia egin du Mintegik. Jaurlaritzaren jarrera deitoratu du: "Babesa baino, euren proiektuarentzako atxikimenduak nahi dituzte, ez daude ezer aldatzeko prest".

EH Bilduk egindako estimazioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak esandakoa baino 1.500 milioi euro gehiago izan ditzake aurten, Kupoa dela eta  Estatuak zor diona kontuan hartuta, besteak beste. "EAJk badaki Aurrekontuetan aipatzen ez diren diru-sarrerak izango dituela aurten", erantsi du Mintegik.

EH Bilduk uste du Kupoaren likidaziotik 700 milioi euro inguru jaso ditzakeela EAEk, eta mekanismo horren kalkulurako sistema berriari esker, 300 milioi gehiago izan daitezkeela. Gainera, Barne Produktu Gordinaren defizita % 1,5ean mantentzen bada, % 0,7ra jaitsi beharrean, Jaurlaritzak beste 500 milioi euro jaso ditzake zorpetze ahalmenagatik.

UPyDk bere baldintzak ezagutarazi dizkio Jaurlaritzari eta "pilota EAJren teilatuan" dagoela dio

Gorka Maneirok ere uste du Jaurlaritzaren benetako asmoa Aurrekontuak luzatzea dela.

Ricardo Gatzagaetxebarria sailburuarekin bildu ostean egin dako agerraldian, UPyDko legebiltzarkideak jakinarazi du "ezinbesteko 16 baldintza" biltzen dituen dokumentua aurkeztu diola Jaurlaritzari.

"Sailburuak agindu digu guk proposatutako neurriak zorrotz aztertuko dituela eta zain gaude; orain pilota EAJren eta Jaurlaritzaren teilatuan dago", azpimarratu du.

Hala eta guztiz ere, UPyDk osoko zuzenketa aurkezteko asmoari eusten diola berretsi du; izan ere, "murrizketak ahalbidetu eta independentzia bilatu nahi duen Aurrekontua ezin dugu inolaz ere onartu", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea