Ekonomia -
Bilera sorta
Kutxabank: 'Hipoteka legea ezin da izan ordainketa ez egiteko gonbita'
Iñigo Urkullu lehendakaria Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearekin eta Txomin Garcia Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxako presidentearekin bildu da astelehen honetan.
Erredakzioa
Hipoteken lege berria ''ezin da izan ordainketarik ez egiteko gonbita'', baina ''asmo oneko zordunen'' arazoak konpondu behar ditu, Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearen hitzetan.
Hori esan du Kutxabankeko presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariarekin Gasteizen bilera egin ondoren egin duen agerraldian. Lehendakaria Txomin Garcia Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxako presidentearekin ere bildu da gaur.
Hipoteken inguruko legedia dela-eta, Kongresuak ''zentzuzko'' akordio bat lortzea espero duela esan du Fernandezek, baina ''bi premisatan oinarrituta'': hipoteka ordaindu ezin duten pertsonei arreta eskaintzea eta, aldi berean, lege berria ''ordainketarik ez egiteko gonbita'' ez izatea.
Halaber, hipoteka ordaintzen ez duten kasuen % 92,7n Kutxabankek kaltetuekin akordioa lortzen duela nabarmendu du Fernandezek.
Urkullurekin egindako bileran, bestalde, egoera ekonomikoa ''modu orokor batean'' aztertu dutela azaldu du, eta lehendakariari ''erabateko lankidetza'' eskaini diola gaineratu du.
Bilera sorta
Mario Fernandezekin bildu ondoren, Txomin Garcia Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxako presidentea hartu du Urkulluk. Bihar, berriz, Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari orokorrarekin eta Ainhoa Etxaide LABeko buruarekin elkartzeko asmoa du.
Hiru lurraldeetako ahaldun nagusiekin, Eudelekin eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin bildu ostean, eragile sozioekonomikoekin ere bilerak egiteko asmoa du Urkulluk, horien artean, finantza entitateak, enpresa erakundeak eta sindikatuak.