Ekonomia -

Bilera

Finantzen Euskal Kontseiluak akordioa lortu du, aho batez

Jaurlaritzak eta aldundiek 2012ko diru-bilketa itxi dute, eta konpentsazio funtsaren 106 milioiak Araba (49) eta Gipuzkoa (57) artean banatzea adostu dute.

Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera. EFE
Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera.
Finantzen Euskal Kontseiluak akordioa lortu du

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak (Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek osatzen dute) ahobatezkotasuneko akordioa ixtea lortu du gaur eguerdian egin duten bileran. Alde guztiak gai guztietan ados jartzeko gai izan dira eta bilera inoizko azkarrena izan da (ordubete eskas).

Hala, 2012ko diru-bilketa itxi dute, eta, aldundiek aurreratu bezala, aurreko urtekoa baino 700 milioi txikiagoa da. Edonola ere, ia 500 milioiko aparteko sarrera izan zen Europaren aginduz berreskuratu beharreko opor fiskalen ondorioz. Bestalde, konpentsazio funtsaren 106 milioiak Araba (49) eta Gipuzkoa (57) artean banatzea adostu dute.

Bileran landutako gai guztietan lortu dute akordioa aldundiek eta Jaurlaritzak, azken horrek Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak aurtengo diru-bilketaren aurreikuspena igotzea eskatuz egindako proposamena aztertzeari uko egin ostean. Arabako eta Gipuzkoako aldundiak Bilbaoren proposamenaren aurka agertu diren.

Bileraren ondoren egin duten prentsaurrekoan, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak esan du Bilbaoren proposamena ez aztertzeko hartutako erabakia ez dagoela ''lotuta'' beste edozein alderdirekin aurrekontuen inguruko balizko negoziazioekin. Hala ere, akordioak lortzen lagun dezakeela uste du sailburuak.

Ildo horretan, Gatzagaetxebarriak konfiantza du Euskal Finantzen Kontseiluan izan den ''sintonia ona'' Jaurlaritzaren aurrekontuak onartzeko ''konplizitateak'' sortzen lagunduko duela.

Halaber, 2013ko diru-sarreren aurreikuspenen inguruko ''desadostasunak'' albo batera uztea erabaki du Jaurlaritzak, Legebiltzarrean aurrekontuak onartzen lagunduko duelakoan, Gatzagaetxebarriak azaldu duenez.

Hiru aldundietako ordezkariek ere bileran lortutako akordioa aintzat hartu dute, eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi ere ''erabat ados'' agertu da aurreikuspenak igotzearen gaia bilera kanpo uzteko erabakiarekin. Hala ere, aukera horrek diru gehiago izatea eta murrizketa zorrotzak egin behar ez izatea ahalbidetu zezakeela berretsi du.

Atzeraldia Euskadin

Euskadik azken bost hiruhilekoetan zehar izan duen atzeraldiaz ere aritu da Ricardo Gatxagaetxebarria sailburua prentsaurrekoan, eta egoera ''kezkagarria'' dela esan du.

Protestak, bilera hasi aurretik

Bilera protesta artean hasi da. Eusko Jaurlaritzako langileek murrizketen kontrako elkarretaratzea egin dute, 'Murrizketarik ez.  Bankuentzat dirua, herritarrentzat pobrezia' lelopean, eta hiru ahaldun nagusiak iritsi direnean oihuka hasi dira.

Martin Garitano, Jose Luis Bilbao, Javier de Andres diputatu nagusiak eta Ibone Bengoetxea Eudeleko presidentea ohikoa ez den beste toki batetik sartu behar izan dira eraikinera. Josu Erkoreka eta Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzaren ordezkariak barruan zain izan dituzte. Minutu batzuk geroago protesta amaitutzat eman dute.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea