Ekonomia -
Lehen bilera
Finantza Publikoen Euskal Kontseilua otsailaren 13an batzartuko da
Organo horretan Jaurlaritzako eta EAEko hiru Foru Aldundietako ordezkariak bilduko dira, fiskalitatearen inguruko aldaketei buruz hitz egiteko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Finantza Publikoen Euskal Kontseiluko lehen bilera deitu du, otsailaren 13rako, Josu Erkoreka bozeramaileak iragarri duenez.
Organo horretan Jaurlaritzako eta EAEko hiru Foru Aldundietako ordezkariak batzartuko dira, fiskalitatearen inguruko aldaketei buruz hitz egiteko. Dagoeneko, Urkullu lehendakariak fiskalitate berri bat proposatu du, eta EAJk proposamen zehatz bat aurkeztu die Legebiltzarreko talde guztiei.
Lehen bilera horri begira, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak 2013rako diru-sarreren aurreikuspenak berriro kalkulatu eta igotzea proposatu zuen.
Portaera etikoa
Bestalde, EAEko erakunde publiko guztiekin "portaera etikoa" zehazteko testu bat adostu nahi dutela iragarri du Erkorekak.
Horren harian, aurreko Jaurlaritzak Euskadiko Administrazio Orokorreko ordezkari politikoen portaera etikoaren inguruan aurkeztutako adierazpena "osatu" egingo dutela esan du Erkorekak.